Hasta La 2toria eta Ez Otoi Pentsa taldeak, Xilabako finalera
2019-11-05 08:01 BertsolaritzeaBaionako eta Muskildiko saioak irabazi ditue, hurranez hurran.
Irailaren 20an hasi zanetik, taldekako Xilaba txapelketea bide onean doala nabarmendu dau Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoako Bertsozale Alkarteak. Asteburuan jokatutako finalaurreko biak arrakasta berbeagaz laburbatu ditue antolatzaileek, saioetako giro ona eta bertsolarien mailea kontuan hartuta. Zemendiaren 16an Izturitzen jokatuko dan finalean, Hasta La 2toria eta Ez Otoi Pentsa taldeek kantauko dabe.
Baionako Zizpa Gaztetxeko kanporaketan, leku guztiak bete ziran, eta aulki gehiago jarri arren, batzuek zutunik entzun behar izan eben saioa. Amets Arzallus, Ellande Alfaro eta Etxeberri ahizten 4koplasara taldea agertu zan lehenik oholtzan, eta Korrikaren doinuan egin eben aurkezpena. Ondoren, Hasta La 2toriakoak agertu ziran: Lur Renteria, Maddi Sarasua, Elixabet Etxandi eta Hodei Renteria, monja jantzita, aurreko kanporaketetan kalean geratu diran taldeen aldeko otoitzean.
Umorea izan zan nagusi Baionan, baina gai sozialak aitatzeko astia be hartu eben; esate baterako, migranteen errealidadea. Talde biak ederto ibili ziran arren, Hasta La 2toriarentzat izan zan finalerako txartela.
Muskildiko Epherra ikastolan, 80 lagun inguru batu ziran afaltzen eta saioa entzuten. Amy Winehouse abeslariaren kantuetan oinarritutako agurra egin eben Ez Otoi Pentsa taldekoek, Maddi Ane eta Josu Txoperena neba-arrebek eta Miren Artetxek. Zuberoara begira jarri ziran Urruñagokoak, Iker Altuna, Odei Barroso, Kerman Diaz eta Ortzi Idoate. Saio parekatua izan zan, baina Ez Otoi Pentsakoak nagusitu ziran.
Honenbestez, 2019ko taldekako Xilabako finaleko deia egina dago: Zemendiaren 16an, Izturitzeko Herriko Gelan bazkaria egingo dabe 12:00etan, eta 16:30ean hasiko da saioa, Hasta La 2toria eta Ez Otoi Pentsa taldeak aurrez aurre dirala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!