Beste binilo bi Elkarren bilduman
2019-11-05 08:12 MusikeaHertzainaken lehenengo diskoa eta Fermin Muguruzaren Brigadistak Sound System dira.
Euskal musikearen historiako disko ezagunak gaur egungo publikoari hurreratu, zale beteranoei barriro gogoratuarazo eta formatu berezi baten eskaintzeko asmoz sortu eban Elkar argitaletxeak Elkar vynil collection bildumea. Beste binilo bi plazaratu ditu orain, biak XX. mendearen azken hamarkada bietako lan esanguratsuak.
Gure musikearen norabidea aldatu eben disko bi dira, bata Hertzainak taldearen lehenengo lana, eta bestea Fermin Muguruzak bakarka plazaratutako lehenengoa. Muguruzaren Brigadistak Sound System (Esan Ozenki, 1999) izenekoak hogei urte bete ditu, eta Elkarrek binilo bikotxaren formatura egokitutako lehenengo edizinoa dakar orain. Jatorrizko diskoa Mad Professorren remix bategaz amaitzen zan, eta biniloko edizinoari Xabi Peryren beste bat gehitu deutsie.
Hertzainak taldeak, ostera, 1984an atera eban lehenengo diskoa, ibilbide oparo baten hasiera-hasierako urteetan. Dagoeneko 35 urte pasau dirala ospatzeko modu bikaina da biniloan egindako edizino barri hau, orduko zaleentzat harribitxia. Izan be, belaunaldi baten erreferente izan zan diskoa, baita Hertzainak taldea bera be.
Biniloak Elkarren dendetan erosi leitekez, edo argitaletxearen webgunean. 180 gramoko biniloak dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!