Hemen da 'IX. Emakumeek zientzia egiten dabe' zikloa
2019-11-04 10:39 KultureaZikloa zemendiaren 7an hasiko da, Teresa Ortiz Gómezek emongo dauen berbaldiagaz.
Bilboko Udalaren esku dagoan Bidebarrieta Kulturguneak zientziaren dibulgazinorako berbaldi zikloaren beste edizino bat jasoko dau zemendiko eguenetan; Emakumeek zientzia egiten dabe izenburupean, hainbat ikuspegitatik landuko dau emakumea eta zientzia paradigmea beste behin, genero etenari eta zientziaren alor guztietako adar guztiak jorratuko ditu, egungo eta testuliburuetatik baztertuta geratutako historiako emakume zientzialari eta ikerlari handienetako batzuen lanean oinarrituko da.
Bilboko Udalak eta EHU/UPVk alkarlanean atondutako programa honen bederatzigarren edizinoa eguen honetan, zemendiaren 7an hasiko da, Teresa Ortiz Gómez Granadako Unibersidadeko Zientziaren Historia katedradunak emongo dauen Matronas en la historia. Autoridad, poder y género berbaldiagaz. Profesional horreek denporan zehar izan daben figuran oinarrituko da. Teresa Ortiz Gómez Granadako Unibersidadeko irakaslea da 1981etik eta denpora tarte horretan, irakaskuntza lana, medikuntzearen eta zientziaren historiari eta emakumeen eta osasunaren historiari buruzko ikerketa lanagaz buztartu dau, beti be genero ikuspegi feministak sartuz. Anticoncepción, mujeres y género. La píldora en España y Polonia (1960-1980), Gendered drugs and medicine. Historical and sociocultural perspectives, Medicina, historia y género. 130 años de investigación feminista eta Sanadoras, matronas y médicas en Europa, siglos XII-XX liburuak idatzi ditu.
Berbaldi zikloak zemendiaren 14an jarraituko dau, Ana López Navajasek, Hizkuntza eta Literatura irakasle, Valentziako Unibersidadegaz lotutako ikerlari eta Valentziako Generalidadeko Irakasleen Prestakuntzan Ko-hezkuntza eta Bardintasun aholkularia danak, emongo dauen berbaldiagaz. Bere ikerketa lanean, bigarren hezkuntzako edukietan eta eskuliburuetan zientzia, kulturea eta historia arloan emakumeek eta hareek egindako lanen presentzia faltea eta horren eraginak aztertu ditu La ciencia amputada: sin referencias de científicas en los manuales berbaldian; hori dala eta, zientzia erabat gizonezkoena dan mundutzat hartzen da baina errealidadea beste bat dala, sano desbardina, azalduko dau, emakumeen erreferente falta hori dala, oraindino be, emakume ikasleek zientziak eta teknologia ez aukeratzeko arrazoietako bat.
Zemendiaren 21erako saioa Carlos Prego Meleiro zientzia komunikazinoan espezializautako kazetari galiziarrak, Científicas que conducían ambulancias en la guerra liburuaren egileak gidatuko dau, De pantalones y messieurs: científicas a prueba de obstáculos berbaldia eskainiz. Bertan hainbat emakumeren ibilbidea aztertuko dau, Agnodice, Jeanne Baret, Sophie Germain, Enriqueta Favez eta Concepción Arenal, hain zuzen be. Lehenengoak ginekologia landu eban Antxinako Grezian. Bigarrena, XIX. mendearen hasieran hil zan botaniko frantsesa izan zan. Mende horretan izan eban erantzun bikaina Concepción Arenal idazleak. Germain matematikari legez nabarmendu zan Gaussen garaian. Eta Favezek ospea izan eban mediku lanetan erakutsitako trebeziakaitik. Danak be aitzindariak izan ziran euren alorretan, baina bizi izandako garaiaren testuinguru historikoaren erretratua erakusten dauen askoz be gauza hutsalago batek batzen ditu: euren lan ibilbideetako momentu batean bostek gizon itxurea hartu behar izan eben, unibersidadeko prestakuntzea jasoteko, gizonezkoentzat erreserbauta egozan lanbideetan jarduteko edo, beste barik, euren lankideen aldetik parez pareko tratua jasoteko.
Programea zemendiaren 28an amaituko da, Sara de la Ricak emongo dauen Brechas laborales de género en Euskadi berbaldiagaz. EHU/UPVko Ekonomia Katedraduna eta ISEAK Fundazinoko zuzendariaren ikerketea lan merkatuaren azterketa enpirikoan oinarritzen da. Hainbat erakundetako kontseilari, 2018an Ekonomialarien Euskal Alkargoak 2018ko Euskal Ekonomialaria Saria emon eutson. Berbaldian, Euskadiko lan merkatuan dagozan genero arrakalen ebidentzia erakusten dau. Lehenengoa lan partaidetzeari jagoko, hau da, enplegua lortzeari, eta tartea, batez beste, ehuneko 7 puntukoa da. Tartea edo etena nabarmen aldatzen da edade taldearen eta hezkuntza mailearen arabera, eta ia ez da existiduten goi mailako ikasketak dituen personen artean. Ikusten dan bigarren arrakalea hileko soldateari jagokona da, % 24koa da; batez beste, gizonek emakumeek baino % 24 gehiago irabazten dabe hilean. Gorabeherearen arrazoietako bat, gizonek emakumeek baino % 14 ordu gehiago egiten dabela lan da, eta, beste bat, gizonek, lan egindako ordu bakotxean, emakumeek baino % 11 gehiago irabazten dabela. Arrakalearen herena baino gehiago gizonen eta emakumeen arteko lan banaketearen ondorioa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!