'Extra Ordinary' filmari emon deutsie 30. Bildurrezko Astearen Publikoaren Saria
2019-11-04 09:43 ZinemeaFilm laburren artean, Stray eta Het Juk nabarmendu dira palmaresean.
Amaitu da 30. Donostiako Bildurrezko eta Fantasiazko Zinemearen Astea, genero horretako azken sorkuntzak ezagutzeko aukera parebakoa. Nazinoarteko film labur eta luzeak lehiatu dira, eta, ohiko legez, publikoak erantzun bikaina emon dau. Principal Antzokian Ventajas de viajar en tren proiektauta amaitu da aurtengo edizinoa.
Film luzeen artean, Extra Ordinary pelikula irlandar-belgikarra izan da irabazlea. Enda Loughman eta Mike Ahernek zuzendutako lanak Publikoaren Saria eskuratu dau. Ikus-entzuleek film labur honeek be saritu ditue: Het Juk (Nico van den Brink, Herbehereak. Film laburrik onena); Maestro (Frantzia. Animazinozko onena); eta La última navidad del universo (David Muñoz eta Adrián Cardona, Espainia. Gaztelaniazko onena).
Bestetik, epaimahaiak be sariak emon ditu. Aurtengo edizinoan, Itziar Castro, Fernando Iwasaki eta Elisa McCausland izan dira epaileak. Aho batez emon deutsie film laburrik onenaren saria Stray lanari, gidoi barritzaileagaitik, eragiten dituan gogoetakaitik eta Melinda Joan Reed aktorearen lanagaitik.
The Boogeywoman estadubatuarrari aitamen berezia egin deutso epaimahaiak. Europako film laburrik onenaren Zidarrezko Méliès Saria, ostera, Umskipti produkzino islandiar-finlandiarrak eroan dau. Epaimahai gaztearen saria O.I. kanadarrak eskuratu dau, Espainiako Film Labur Onenaren Syfy garaikurra El fin de todas las cosas-entzat izan da, eta Urrezko Blogos Saria, Bliss amerikarrarentzat. Azkenik, fanzinerik onena La Valla dala ebatzi dau publikoak.
Ganera, Bildurrezko Asteak ospe handiko hainbat film barri hurreratu deutsaz bertoko publikoari. Esate baterako, Galder Gaztelu-Urrutiaren El Hoyo pelikulearen estreinaldi ofiziala egin dabe Donostian, lan horrek lehendik be sari batzuk irabazita izan dituan arren.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!