Galder Gaztelu-Urrutiaren 'El Hoyo', Sitgesen irabazle
2019-10-14 08:03 ZinemeaSari nagusia, efektu bereziena eta publikoarena emon deutsiez.
Galder Gaztelu-Urrutia zinemagile bizkaitarraren lehenengo film luzea, El hoyo (edo The Platform) ibilbide bikaina egiten dabil jaialdietan. Irailean estreinau eben, Torontoko Midnight Madness festibalean, eta publikoaren saria irabazi eban.
Oraingo honetan, Sitgesko jaialdi entzutetsuaren 52. edizinoan hartu dau parte El hoyo-k, eta sari ugari ekarri ditu etxera. Hasteko, film onenaren saria emon deutsie. Ganera, efektu berezirik onenen saria be irabazi dau, Iñaki Madariagak egindako lana autortuta. Epaimahaiari ez eze, ikusleei be gustau jake pelikulea, publikoaren saria El hoyo-rentzat izan da eta.
Bestetik, zuzendari hasibarriei emoten jaken Citizen Kane Saria Galder Gaztelu-Urrutiak berak irabazi dau. Izan be, zuzendari bizkaitarraren lehenengo lan luzea da El hoyo izeneko hau, baina kritikearen eta publikoaren oneretxia eskuratu dau.
Epaimahaiaren arabera, Galder Gaztelu-Urrutiaren lana azken urteotako originalena izan da Sitgesen, gizakien jokabidea ikuspegi barri batetik jorratzen dauelako. Efektu bereziak eta aktoreen lana be nabarmendu ditue epaimahaikideek.
David Desolak eta Pedro Riverok idatzi dabe El hoyo-ren gidoia. Hainbat lagun eraikin baten bizi dira, solairu bakotxean bi, eta janariz betetako plataforma bat pasetan da egunero goiko solairuetatik behekoetaraino. Bikote bakotxak nahi beste jan leike, baina zenbat eta beherago bizi, janari gitxiago geratzen da plataforman. Alkartasunaren eta gizakien arteko enpatiaren inguruko gogoetea da.
El hoyo ikusteko hurrengo aukerea Donostian izango da. Fantasiazko eta Bildurrezko 30. Astearen inaugurazinoan proiektauko dabe Gaztelu-Urrutiaren filma, hilaren 26an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!