EAEko museoetako bisitek % 26 igon dabe hamar urtean
2019-10-31 11:31 Pil-pileanMuseo eta Bildumen 2008-2018 Txostena plazaratu dau Eusko Jaurlaritzeak.
Begien bistakoa da turismoa eta astialdia lekua hartzen dabizala Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekonomian eta gizartean. Zenbakien bidez baieztau dau jokera hori Eusko Jaurlaritzeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Museoen eta Bildumen 2008-2018 Estadistika Txostenean. Orain dala hamar urte baino museo gehiago dagoz, eta bertara doazan bisitarien kopuruak nabarmen egin dau gora, batez be atzerritarren artean.
Erkidegoko 61 museo eta bildumari buruzko datuak batu ditue txostenean, hainbat gaitan banatuta: tipologia, ekipamenduak, prezioak, bisitariak, aldi baterako erakusketak, beharginak...EMSIME sistemearen bidez museoek eurek emoten daben informazinoa erabili dabe estadistikak egiteko.
Txosteneko datuen arabera, 2008an baino % 26 bisitari gehiago izan zituen erkidegoko museoek 2018an. Atzerritarrei jagokonez, igoerea % 55ekoa da, eta bertora bisitan datozan hamar kanpotarretatik bederatzi museoren batera joaten dira. Deigarria da Bilboko Guggenheimek daukan pisua, erkidegoko museo guztietako bisitarien % 40 hartzen ditualako.
Igoerarik handiena, baina, Gipuzkoan egon da azken hamar urteotan (% 33). 2008an baino zortzi museo gehiago dagoz lurralde horretan, eta eskaintzea handitu izanak eragina izan dau. Bizkaian, hiru museo gehiago dagoz. Araban, ostera, orain dala hamar urte baino lau museo edo bilduma gitxiago bisitau leitekez.
Zentroen zerbitzuak eta ekipamenduak aztertuz gero, egoereak hobera egin dauela dino txostenak. Museo eta bilduma gehienek bisita gidatuak eta erakusketen informazinoa eskaintzen ditue, eta ia % 85ek irisgarritasun arazoak dituan jentearentzako sarbidea dabe. Museoen % 40 baino gehiago urtean 300 egun edo gehiagoan zabalik dagoz.
Krisi ekonomikoak trabak sortu baditu be, aldi baterako erakusketa eta argitalpenen kopurua ugaritu egin da. 2008an baino 80 jarduera gehiago egin ziran 2018an. Gaur egun, behargin gehiago dagoz museoetan, baina lanaldi osoan dabizanak gitxiago dira. Langileen % 60 inguru emakumezkoak dira, 2008aren antzeko datua, eta zuzendaritzako arduretan gizonak baino emakume gehiago dagoz.
Irakurri txostena hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!