Gazteak erakarteko helburua dau XXX. Durangoko Musika Hamabostaldiak

Bizkaie! 2019-10-31 10:09   Musikea

Domekan, zemendiak 3, hasiko da aurtengo edizinoa.

Artistak eta antolatzaileak, Hamabostaldiaren aurkezpenean (argazkia: Durangoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Beste estilo batzuetako zaleen artean badagoz gazteak, baina musika klasikoari gehiago kostetan jako belaunaldi barriakaz bat egitea. Hain zuzen be, horri bueltea emotea da XXX. Durangoko Musika Hamabostaldiaren helburu nagusietako bat, Bartolome Ertzilla Musika Eskoleak ahalegina egin dau gazteak erakarteko moduko egitaraua atontzen.

Izenean Hamabostaldia dinoan arren, ia hilebete eta erdi pasauko da aurtengo edizinoko lehenengo kontzertutik azkenera. Danetara, lau emonaldi programau ditue, bertoko taldeen bi eta kanpokoen beste bi, Durangoko hainbat lekutan.

Zemendiaren 3an, domekan, izango da lehenengo kontzertua, 19:00etan Andra Marin. Leioako Kantika Koralak bere errepertorio zabaleko pieza batzuk kantauko ditu. Zemendiaren 9an, ostera, Roberto Pacheco madrildarra buru dauen Charlie Parker with Strings taldearen txandea izango da. Jazza eta musika klasikoa buztartzen ditue. Plateruenak hartuko dau emonaldia, Musika Hamabostaldiaren historian lehenengoz.

Hirugarren saioa berezia izango da, kontzertu arrunta izan beharrean, ume eta familientzako ipuin musikatua aurkeztuko dabelako Maider Lopez gasteiztarrak eta bere taldekideek. Sagutxo tuntuna ikuskizunaren hiru emonaldi egongo dira zemendiaren 17an, San Agustin Kulturunean: 12:00etan, 17:30ean eta 18:30ean. Sarrerak lau euroan salduko ditue.

Ia hilebete geroago helduko da azken kontzertua, abenduaren 15ean San Agustinen. Danimarkatik etorriko da Carion Wind Quintet haize boskotea, eta sarrerak 10 euroan egongo dira salgai.

Ima Garrastatxu Durangoko alkateak esan dauenez, uriak gero eta astialdiko eskaintza zabalagoa dauka, eta bide horretan segiduko dau Udalak. Eskaintza horren barruan Musika Hamabostaldia nabarmendu, eta urterik urte halako jaialdi bat izatea lujoa dala adierazo dau. Bartolome Ertzilla Musika Eskolearen lana be txalotu dau alkateak, Hamabostaldia antolatzeaz gan, egunero musika zaletasuna zabaltzen dauelako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu