Itzulpengintzearen aldarrikapena egin dau Anjel Lertxundik
2019-10-30 09:36 KultureaGogoeta ugari dakarz Itzuliz usu begiak liburuan.
Arduratuta dago Anjel Lertxundi idazlea, euskerazko letretan itzulpengintzea gitxietsita dagoalako. Literaturearen hiru zutabeetako bat izanik, idazleagaz eta irakurleagaz batera, itzultzailearen lana lehen lerrora ekarri nahi izan dau Itzuliz usu begiak liburuan. Alberdania argitaletxeak kaleratu dau lan barria.
Urteetan kuadernoetan idazten joan dan oharretatik atera dau Lertxundik libururako edukia. Inguruan topetan dituan testu-txatalak eta lantzean behin etorten jakozan pentsamenduak idazten ditu kuadernoetan, eta itzulpengintzeagaz lotutakoak be izaten dira asko. Batzuk aukeratu eta egokitu ditu argitalpelpen barrirako.
Beraz, Itzuliz usu begiak gogoeten bildumea dala esan leiteke. Hurrenkera alfabetikoaren arabera ordenau ditu sarrera guztiak. Itzulpengintzea da liburuaren ardatza, baina gogoeta batzuetan beste gai batzuk be jorratu ditu, esate baterako, euskerea, unibersidadea eta literaturea.
Euskerazko literaturearen eta hizkuntzearen aurrerabiderako, ezinbestekotzat dau kalidadezko itzulpena Anjel Lertxundik, eduki asko beste hizkuntzetatik ekarten diralako geurera. Horrenbeste itzulpen behar izateak desabantailak dakarz hizkuntzearen egunerokoan, horregaitik da oinarrizkoa euskerazko itzulpengintzea kalidadezkoa izatea, beti holan izaten ez dan arren. Itzulpen literarioari begiratu deutso Lertxundik batik bat, baina beste alorretakoak ahaztu barik.
Erakunde publikoei ahalegin handiagoa eskatu deutse Lertxundik, baita idazleei be. Itzultzaileen eta idazleen arteko komunikazino estuagoa behar dala uste dau, alkarregandik ikasi deien. Halandabe, liburua irakurle guztientzat dala azpimarratu dau, hau da, ez da idazle edo itzultzaileei zuzendutako saiakerea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!