Oier Zuñiga ilustratzaileak sortutako lanak iragarriko dau 54. Durangoko Azokea
2019-10-29 12:53 KultureaDurangoko Azokan ekosistema propio eta bizidun bat sortzen da. Osotzen dogu. Etenbarik mobiduten dana.
Hau da 54. Durangoko Azokako kartela. Oier Zuñiga ilustratzaile iruindarrak sortutako lan honek Durangoko Azokearen ekosistema propio eta biziduna islatzen dau.
Osorik DA! lemapeko aurtengo kulturearen plazea abenduaren 5etik 8ra izango da. Lehenengo egunean Ikasle Goiza ospatuko da eta bigarren egunean II. Sormen Bekearen irabazlea nor dan jakinarazoko da.
Oier Zuñiga ilustratzailea da kartelaren egilea: Durangoko Azokan ekosistema propio eta bizidun bat sortzen da. Osotzen dogu. Etenbarik mobiduten dana. Finean.
Durangoko Azokan hamaika dira batzen diran emozino, esperientzia eta bizipenak. Norbera, bere izatetik sartzen da euskal sorkuntzearen plaza honetan. Gutako bakotxa, idea ezbardinek mobiduta lotzen gara azokearen unibersora. Molekula txikienetik, masa handienera danon lotuneetan dago gakoa.
Kartelak lau zati bereizten ditu, eta bakotxak Azokako ezaugarri bati erreferentzia egiten deutso: burua (sormena), bularra (zabaldu-erakutsi), gerria (hartu eta emon) eta hankak (akzinoa eta mobimentua). Baina ekosistema horretan, dana dago lotuta, konektauta: 'Azoka osorik DA!, ekosistemearen trantsizino guztiek osotzen dabena DA! Gu geu osotzen gaituana. Guk geuk osotzen doguna. Sortu, zabaldu, eman eta gozau.
Zuñiga pozik agertu da Durangoko Azokako kartela egiteko aukerea izateagatik: Euskal Herriko kultur sorkuntzeak dauen erakuslehiorik handiena da Durangoko Azokea eta honek ardura apur bat sortu eustan. Halan da be, segiduan jarri nintzan lanean, nire errealidadetik, nire testuingurutik, ardura horri behar dauen lekua eginda baina bidearen oztopo jarri barik. Holan ulertzen dodalako nik sorkuntzea, leku barrien bila etenbarik, zarenetik, ordu arte ibilitakoa kontuan hartuz eta nire behatze torre txikitik ekarpena eginez.
Artista iruindarrak oso lotura estua dau kulturearen plazeagaz: Txikitan hasi ziran nire hartu-emonak Azokeagaz, gure belaunaldiko askok bezela. Ikastoleagaz lehen bidaiak, aurrerago lagun arteko planean bilakatu ziran. Batzuetan argi izanda zer eskuratu nahi genduan; besteetan, ostera, parrandea egiteko, hau edo bestea ikusteko edo batzeko asmoagaz. Gustetan jat azokan sortzen dan 'mikro-klimea'. Danok ezbardin eta ezezagun, baina konplize aldi berean. Aurtengoa berezia bai, baina beste urte batzuetako planetatik oso urrun ez naz ibiliko.
Ikasle Goiza eta Sormen Bekea
Gaurko prentsaurrekoa Durangoko Andra Mari eleizpean antolatu da; bertan ospatu ziran Durangoko Azokako lehenengo edizioak. Nerea Mujikak gogoratu dauenez, kulturearen plaza 54 urtez antolatu bada, etenbarik garai barrietara egokitzen jakin izan dauelako da. Hasieran Liburu eta Disko Azokea zena, gaur egun ez da hori bakarrik: sormena da, zabaldu eta erakusteko lekua da, salerosketarako gunea da, euskal kulturaz gozatzeko plaza da.
Garai barrietara egokitzeko saiakerea horren adibide da, esate baterako, Azokako Sormen Bekea. Igaz antolatu zan lehenengo aldiz, Durangoko Udalaren laguntzaz, eta aurten bigarren edizioa izango da. Beka honek euskerazko kultur produktu baten sorkuntzea hasieratik amaierara garatzen laguntzeko helburua dau, hasi ideatik eta bere zabalkundera arte. Edizino honetako gaia musikea da.
Garagarrilean zabaldu zan lanak aurkezteko deialdia eta Azokako bigarren egunean iragarriko da bekea zein proiektuk jasoko dauen. Horrezaz gan, lehen edizinoko irabazleen produktua ezagutu, ikusi, erosi eta gozetako aukerea izango da aurtengo Azokan: AtopiaRPG izenagaz sortutako euskerazko lehenengo rol-jokoa.
Urtero legez, Azokako lehenengo orduetan protagonista nagusiak ikasleak izango dira. Beste urte batez, milaka izango dira Euskal Herriko osotik Ikasle Goizean parte hartzera etorriko diran ikasleak. Hainbat tailer izango ditue eskura: kaligrafia, euskal kulturearen transmisinoa, soinu efektuak zinemagintzan, Moon konputagailu baten funtzionamendua eta abar.
Durangoko 54. Azokearen aurkezpenean izan diranen artean, ondoko adierazpenak jaso doguz:
Joxean Muñoz (Eusko Jaurlaritzako Kulturako Sailburuordea): #Durangokoazoka osorik da kulturearen plazea sortzen dozuen guztiori esker. Danok osotzen dogu euskerearen ekosistemea. Oso garrantzitsua da euskereak bozgorailua izatea.
Xabier Arauzo, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera Zuzendaria: Euskal kulturgintzea babesteko lana etenbakoa da.
Durangoko Udalaren izenean, Ima Garrastatxuk ondokoa adierqazo dau: kultura bidaia bat da. Ezbardina dana ulertzeko ariketea da. Gure burua barriro formuletako ispilua da. #DurangokoAzoka-k milaka bidai eskaintzen deuskuz. Kantu bakotxagaz edo liburu bakotxarekin nonbaiterantza leiho bat edegiten jaku. Baina lau egunez, Durangon bidaia emozional, geografiko eta kultural bat edegiten dugu euskal kulturearentzat, Azokeagaz.
Kulturea gure barrura egiten dogun salto bat be bada. Zenbat galdera, sentimendu, duda sortzen jakuzan liburu bat edegiten dogun aldiro!
Nerea Mujika Gerediagako presidenteak adierazo dauenez: Durangoko Azokea ekosistema berezi bat da; eragile desbardinen artean egiten eta egingo doguna, danona da, osotasun bat da... Durangoko Azokea #OsorikDA!', hori izango da aurtengo leloa eta traolea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!