Musikea ardatz, BIME dator asteon Bizkaira
2019-10-29 09:46 MusikeaKontzertuak, profesionalen topaketak eta abar egongo dira.
Bizkaia International Music Experience, BIME, jaialdia egingo dabe urriaren 30etik zemendiaren 2ra, mundu zabaleko musikearen industria, artistak eta zaleak Bizkaian batzeko asmoz. Horretarako, hainbat ataletan banatuko dabe BIMEren egitaraua: profesionalen topaketak batetik, nazinoarteko izarren kontzertuak bestetik, eta dobako kontzertuen zikloa.
Foru Aldundiak azaldu dauenez, Bizkaia musikearen uriburu izango da lau egunez. Dagoeneko zazpigarren urtez antolatu dabe ekimena, eta urtero-urtero goi mailako artista eta adituak ekarten ditue. BIME Live kontzertuen atala udagoieneko jaialdirik handiena da hemen inguruan, antolatzaileen arabera.
Urriaren 30ean, eguaztenean, hasiko da BIME Pro, sektoreko profesionalen topaketea. Nazinoarteko musikearen sektoreko azken jokerak ezagutu, adituen eretxiak entzun eta alkarlanak bultzatzeko gunea izango da Brakaldoko BEC erakustazokea, zemendiaren 1era arte.
Networking aukerak jorratuko ditue, mundu osotik etorritako eragileen eskutik. Antolatzaileek aurreratu dabenez, Barakaldon egongo dira Matthew Knowles musikearen arloko handikia, Warner Music-eko Scott Cohen, Amelia Hartley musika-zuzendaria, Primavera Sound jaialdiko arduradun Alfonso Lanza, Mike Cave soinu injinerua... 70 berbaldi, mahai-inguru eta tailer inguru izango dira.
Ganera, jarduera berezituak hartuko ditu BIME Proren egitarauak. Esate baterako, 300 jaialdi inguruk hartuko dabe parte zuzeneko musikearen antolatzaileen topaketan, eta hornitzaileen azokea be egongo da. Espainiako Musikearen Federazinoa sortzeko be aprobetxauko dabe Barakaldoko hitzordua.
BIME Live atalean, zemendiaren 1ean eta 2an BECen, ibilbide luzeko artisten kontzertuak izango dira erakargarritsun nagusia. Jamiroquai beteranoa eta Kraftwerk alemaniarrak aitatu leitekez, besteak beste, Brittany Howard, Foals eta Floating Points ahaztu barik.
Hiru agertoki tematiko be izango ditu BIME Livek. Lehenengoan, kontzertu intimistei eskainitakoan, Amaia Romero nafarrak kantauko dau, baita Michael Kiwanukak be. Gaua izenekoa, ostera, musika elektronikoaren eta jantzazaleen gunea izango da. Azkenik, Goxo eremuan, trap, R&B, hip hop, dancehall eta reggaeton doinuak entzungo dira.
BIME City izeneko egitaraua be aitatzeko modukoa da. Bilboko hamaika aretotan, dobako emonaldiak egongo dira urriaren 30ean eta 31n, 50 kontzertu inguru. Zemendiaren 1ean, ostera, Azkuna Zentroan familientzako jarduerak egongo dira, Bilborocken kontzertu akustikoa eta Basqueryn errealidade birtualeko erakusketea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!