EHUk Urrezko Dominea emon deutso Euskaltzaindiari
2019-10-25 13:17 Euskerea berbagaiErakunde biak eskutik helduta dabizala adierazo dau Nekane Balluerka errektoreak.
Leioan, Bizkaiko Campusean egindako ekitaldian, EHUko ordezkari nagusiek Urrezko Dominea emon deutsie Euskaltzaindiari, ehun urtez euskerearen alde egindako lanagaitik, eta, batez be, mundu akademikoari egindako ekarpenagaitik. Nekane Balluerka errektoreak jantzi deutso dominea Andres Urrutia euskaltzainburuari.
Erakunde bien arteko lotura estua nabarmendu dau Balluerkak: Euskaltzaindia eta EHU erakunde desbardin bi dira, baina esan geinke bi-biak eskutik helduta ibili dirala azken mende erdian. Euskaltzaindiak merezimendu osoz jaso dau Urrezko Dominea. Euskaltzaindiagaz alkarlanean dabizan EHUko ikerlariak asko dirala azaldu dau errektoreak.
Unibersidade publikoan euskerea sartzeko erabagia hartu zanetik, Euskaltzaindia bidelagun izan dau, irakasleen formakuntzan hasieran, ondoren aholkuak emoten eta euskera akademikorako oinarriak jarten. Horrezaz gan, orain eta etorkizunerako be, hartu-emon estua dabe erakunde biek, Leioako ekitaldian azpimarratu dabenez, lankidetza-hitzarmenak, sariketak, argitalpenak eta beste proiektu asko horren lekuko.
Hain zuzen be, erakunden ben arteko loturearen erakusgarri dan Miren Azkarateri egokitu jako laudatio berbaldia egitea. EHUko Euskera Institutuko zuzendaria eta euskaltzain osoa da Azkarate. Autortu behar jako Akademiari egoki erantzun deutsela aldi bakotxeko itxaropen eta eskariei, behar dan moduko hari-moltsoa osotu duela ehundegi horretan, esan dau.
Esker onez hartu dau dominea, Akademia guztiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Euskerearen aholku emole ofiziala izanik, Euskaltzaindiak historian zehar zin-zinezko komunidade zientifiko eta akademikoa ondu dauela gogoratu dau Urrutiak. Euskaltzaindia gu guztiok osotzen dogu, euskal hiztunen alkarteak, ganeratu dau.
EHUren Urrezko Dominea erakunde zein norbanakoei emoten jake, jarduera akademikoan egindako merezimenduak autortzeko. Gaur arte, hogei bat saritu egon dira, besteak beste, Eduardo Chillida, Pedro Miguel Etxenike, Benito Lertxundi, Mikel Laboa eta Jexux Mari Artze.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!