2019ko Bai Euskarari Sariak Bordatxo jatetxea, ABB Niessen eta Mertxe Mugikarentzat
2019-10-25 13:32 Euskerea berbagaiEuskereari eta euskerearen unibersoari argia, energia eta indarra emoteagaitik saritu ditue.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektuak hemeretzi urte bete barri dituan honetan, administrazinoen ordezkaritza zabala egon da ekitaldian: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Gipuzkoako Hizkuntza Bardintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal, Arabako Foru Aldundiko, Udalbiltzako eta Batzar Nagusietako ordezkaritzea, euskalgintzako komunidadea eta sektore ezbardinetako enpresak eta alkarteak.
Izpiz izpi euskerearen bidea gero eta argiagoa izan daiten lanean dabizen personek parte hartu dabe Bai Euskarari Sariak ekitaldian, izan be, zer litzateke euskerea eta Bai Euskarari komunidadea danon arteko alkarlanik barik? Batzuk argi gehixeago egingo dabe, besteek gitxixeago, baina guztiak dira beharrezkoak euskerearen bidea eta sortzen eta handitzen dagozan euskerearen espazioak gero eta argiagoak izateko.
Rober Gutiérrez, Bai Euskarari Alkarteko zuzendariak ekitaldian esan dauen legez, alkartearen helburua da alor sozioekonomikoaren espazioak euskeraz beteteko bidean eragitea, komunidadea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu barritzaileak eregiz: Urte honeetako trabei aurre eginez, euskerearen bidea argitzen lanean gabiz Bai Euskarari Alkartean, izpiz-izpi, guztion argiak dira beharrezko, gaineratu dau.
- Bordatxo jatetxea
Deustun dago Bordatxo jatetxea. Orain 30 bat urte erabagi eben bertako nagusiek euskerea ikastea, baina ez hizkuntza bat gehiago jakiteagaitik bakarrik, euskeraz bizi nahi ebelako baino. Filosofia hori enpresara eroan eta naturaltasunez dabiz euskeraz lanean. Bai Euskereari ziurtagiria dabe, Zerbitzua eta lana euskeraz mailea.
- ABB Niessen
Niessen enpresako euskera batzordeak 20 urte bete ditu aurten eta, urte berean, Bai Euskereari Saria jasota ederto biribildu dabe urteurrena. ABB multinazionalaren barruan dago Niessen lantegia, baina euskereagazko atxikipen handia dabe enpresan, langileen arteko kohesinorako gako garrantzitsu bihurtzeraino. Bai Euskereari ziurtagiria dabee, Bidean mailea.
- Mertxe Mugika
Euskereari ekarpen handia egiten deutsien personak saritu ditugu urtero eta aurten, lan-munduagaz be lotu nahi izan dogu sari hau, izan be, Mertxe Mugika Euskal Herriko kooperatiba handienetako bateko buru izan baita. Mugikak AEK-ko koordinatzaile nagusiaren postua itxi eban irailaren 30ean, 13 urte egin ostean. Urte horreetan guztietan egin dauen lana autortzeko emon deutsagu aurten Bai Euskereari Saria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!