Zuzeneko lehenengo diskoa atera dau Olatz Zugastik
2019-10-25 10:14 MusikeaOrion emondako kontzertuaren grabazinoa dakar lan bikotxak.
Estudioko lau disko argitaratu ditu, bakarka, Olatz Zugastik, eta Orion zuzenean izeneko honetan (Kantaita Enea), norabidea aldatu dau, zuzenekoa aterata. Maiatzaren 4an Orion emondako kontzertuaren grabazinoa da disko bikotx barria. Zugastiren alboan, Ander Ederra (gitarrea), Amaiur Cajaraville (baxua), Ander Zulaika (bateria) eta Gratxiña Lertxundi (tekladua, flauta eta ahotsa) egon ziran oholtzan egun haretan.
2015ean, Ur goiena, ur barrena diskoa plazaratu eta gero, ekin eutsan Olatz Zugastik zuzenekoei. Ordura arte, estudioko diskoak plazaratuak zituan bakarka, baina oholtza ganean beti Benito Lertxundiren taldearen parte lez agertzen zan. Hortaz, lau urtez zuzenekoetan ibili eta gero, bide horren lekukotasuna daukie orain Zugastiren zaleek.
Halandabe, hasierako asmoa ez zan izan zuzeneko diskoa ateratzea. Bere ibilbideko kantu esanguratsuen bildumea argitaratzeari bueltak emoten ebilen Zugasti, baina teknikariek Orioko kontzertua grabau eben, beste askotan egiten daben legez. Grabazino hori berrikusten egoala konturatu zan hor baegoala diskoa egiteko material ona, emonaldi biribila izan zalako eta publikoak be ondo erantzun ebalako.
Benito Lertxundik hartu dau diskoa editetako ardurea. Kontzertu osotik kantu bakarra kendu dau, ez ebalako ganerakoen mailakoa urten. Danetara, beraz, 19 abesti dakarz Orion zuzenean lanak. Gehienak, Olatz Zugastik berak sortutakoak dira, baina badagoz Benito Lertxundiren errepetoriokoak zein kantu tradizional batzuk be.
Proiektu barria aurkezteko kontzertuak emongo ditu hurrengo hileetan Olatz Zugastik. Hitzordu batzuk zehaztuta dagoz dagoeneko, horreetako bat Bilboko BBK Salan, abenduaren 4an. Biharamunean Hernanin izango da, eta zezeilaren 23an, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!