Irati Majuelo eta Alazne Untxalo, Bertsokabin txapeldun

Bizkaie! 2019-10-25 10:34   Bertsolaritzea

Hurrengo Bertsokabi, 2021. urtean.



80 lagun ingururen aurrean jokatu da II. Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketea, Iruñeko Herriko Tabernan. Oholtza gainean izan dira Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo eta Irati Majuelo eta Alazne Untxalo; azken horreek jantzi dabe txapela.

Atzo jokatu zan finala, lepo betetako Iruñeko Herriko Tabernan. Oholtzan izan ziran aurreko hiru kanporaketetatik sailkatutako hiru bikoteak: Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo, eta Irati Majuelo eta Alazne Untxalo. Maialen Belarrak egin zituan gai-jartzaile lanak, eta publikoko bost lagunekaz batera, epaile ibili ziran Joseba Beltza eta Nerea Bruño. Horreek danek izentau zituen Majuelo eta Untxalo sariketan txapeldun. Nafarroako Bertsozale Alkarteko lehendakari Alaitz Rekondok jantzi eutsen txapela.

Kantu baten doinua erabiliz egindako agurrakaz emon eutseen bikoteek hasierea saioari. Ondoren, zortziko txikian zein hamarreko txikian ibili zran danak, ofiziotan. Horren ostean etorri zan bertso probetarako tartea; Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi Nor da nor? olgetan ibili ziran, llarregik, galdera bitartez, Irastortzak publikotik aukeratutako personea asmau arte. Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo puntuka ibili ziran oina emonda, ahalik eta oin gehien esan guran, poto egin arte. Irati Majuelo eta Alazne Untxalo, azkenik, tabuan ibili ziran: personaia asmau guran ibili zan Majuelo, baina Untxalok erantzunetan hainbat berba ezin erabilita. Olgeten ostean bakarka ibili ziran Ekhine Zapiain, Irati Majuelo eta Xabat Illarregi, eta ondoren, gaia emonda puntuka beste hiru bertsolariak, Aitor Irastortza, Josu Sanjurjo eta Alazne Untxalo. Azkenik, koplatan ibili ziran hiru bikoteak. Horren ostean jakinarazo eben bikote txapelduna, azken agurrakaz saioari amaierea jarri aurretik.


Hurrengo Bertsokabi, 2021. urtean

Nafarroa osoko 18 bertsolari gazte ibili dira aurtengo sariketan kantari, bikoteka. Lau saio izan dira guztira, Iruñeko beste horrenbeste taberna eta gune informaletan. Modu horretan, helburu bikotxa izan dau Nafarroako Bertsozale Alkarteak: batetik, bertsolari gazteei plaza barriak eskaintzea eta, bestetik, Iruñeko publiko gaztea bertsozaletu eta bertso eskaintzea zabaltzea. Era berean, Eugenio Arraiza zanari gorazarre egiteko erabili gura izan dau alkarteak haren izeneko sariketea.

Urte birik behin egiten da Bertsokabi Sariketea, Izeta Sariketeagaz txandaka. Beraz, bi urte barru bueltauko da, 2021an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu