Zemendiaren 5ean abiatuko da Bertsoaroa
2019-10-24 10:58 BertsolaritzeaZemendiaren 5ean hasi eta 26ra arte, zortzi ekitaldi izango dira.
Urteroko ohitureari jarraituz, bertsolaritzea Iruñean sustatzeko asmoz atondu dabe zikloa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Alkarteak. Zortzi ekitaldi izango dira, kalidadea ardatz hartuta. 29. aldia izango dau Bertsoaroak.
1991an abiatu zan lankidetza hori eta aurten be bertsolaritzea bere aniztasunean eta kalidade gorenean hurreratuko dau zikloak Iruñera.
Bertsogintzea ardatz daben askotariko emonaldiak batuko ditu aurtengo egitarauak be, bertsoa publikoarengana molde ezbardinetan hurreratzeko asmoz. Aurten estreinaldi bi jasoko ditu zikloak: Lehenengoa, Gorria, Miren Amuriza bertsolariaren eta Askoa Exebarrieta jantzariaren proiektua da, bertsolaritzea eta flamenkoa lotzen dituana. 2018ko Lanku bekea irabazi eban proiektuak (orduan, Tan takatan izenagaz), eta Iruñekoa izango da publiko aurreko lehenengoa. Bigarren estreinaldia Urpekakariak ume antzerkiarena izango da; Lierni Hernandez eta Eneko Arrate aktoreek gorpuztuko dabe Ane Labakak eta Miren Amurizak idatzitako istorioa.
Aurreko urteetan legez, punta-puntako bertso jaialdi bi be izango dira (zikloa edegi eta zarratzeko), baita bertsolari gazteen saio bat be. Gainera, Koldo Izagirrek Bertsoaren harria bere azken liburua aurkeztuko dau, bertsolari biek lagunduta. Eñaut Agirre eta Unai Agirre anaiek, gainera, bertso musikatu bilduma bat ekarriko dabe, Iruñera egokitutako Auskalo zeinek jarriak ikuskizunagaz, musikariak lagunduta, eta umeentzako bertso tailer bat be izango da.
Barrikuntzen artean, Nafarroako Antzerki Eskolan egingo dira aurten jaialdi nagusi biak: aurten, Gurutze Plazako Instituaren ordez Nafarroako Antzerki Eskolan egingo dira bertso jaialdi biak (San Agustin kalean). Emonaldi bietarako gonbidapenak jaso beharko dira aretoan bertan, saio hasi baino ordubete lehenagotik, eta amaitu arte. Gonbidapenak beharko dira Kondestable Civivoxeko areto nagusiko saioetarako (honeek be ordubete lehenagotik). Zikloko saio guztiak doban dira, umeentzako ekitaldi biak kenduta, 3 euroko kostua izango dabenak.
2019ko Bertsoaroaren egitaraua:
- Zemendiaren 5ean, Bertso Jaialdia, 19:30ean. Nafarroako Antzerki Eskolan. Bertsolariak: Alazne Untxalo, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Julio Soto, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi. Gai-jartzailea: Ander Aranburu.
- Zemendiaren 7an, 19:30ean, Kondestable Civivoxeko patioan. Gorria, flamenkoa eta bertsoa. Bertsolaria: Miren Amuriza; Jantzaria: Askoa Etxebarrieta.
- Zemendiaren 12an, 19:30ean, Kondestable Civivoxeko areto nagusian. Bertsoaren harria. Hizlaria: Koldo Izagirre; Bertsolariak: Aimar Karrika eta Maddalen Arzallus.
- Zemendiaren 13an, 17:30ean, Arrotxapeako Jus La Rotxa Civivoxean (3 euro). Bertso Jasa, umeentzako bertso tailerra. Bertsolariak: Haritz Mujika eta Saioa Alkaiza.
- Zemendiaren 16an, 18:00etan, Sanduzelaiko Civivoxean (3 euro). Urpekariak, umeentzako bertso antzerkia. Aktoreak: Lierni Hernandez eta Eneko Arrate; gidoilariak: Ane Labaka eta Miren Amuriza.
- Zemendiaren 19an, 19:30ean, Kondestable Civivoxeko areto nagusian. 'Auskalo zeinek jarriak', bertso musikatuak. Bertsolariak: Eñaut Agirre eta Unai Agirre; musikaria: Imanol Kamio.
- Zemendiaren 21ean, 19:30ean, Kondestable Civivoxeko patioan. Gazteen Bertso Saioa.
Bertsolariak: Ekhiñe Zapiain, Haritz Mujika, Ibai Amillategi, Irati Alcantarilla, Maialen Akizu eta Xabat Illarregi. Gai-jartzailea: Ainhoa Aranburu.
- Zemendiaren 26an, 19:30ean, Nafarroako Antzerki Eskolan, Bertso Jaialdia. Bertsolariak: Alaia Martin, Andoni Egaña, Eneko Lazkoz, Iker Gorosterrazu, Maddi Ane Txoperena eta Sustrai Colina. Gai-jartzailea: Maialen Belarra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!