Botaba Erronkako beroketea martxa onean doa
2019-10-24 08:22 Euskerea berbagaiSari batzuk be banatu ditue dagoeneko.
Euskerazko esamoldeak eta esaera zaharrak gazteen artean zabaltzeko antolatu dau Labayru Fundazinoak Botaba Erronkea. Lehiaketea hasi baino lehen, beroketa-fasea egiten dabiz, parte-hartzaileak ekimenera erakarteko eta lehiaketako kontzeptuak ezagutu deiezen. Labayrukoek esan dabenez, orain arte parte hartu daben guztiak ikusita, beroketea martxa onean doala esan leiteke.
Dagoeneko aurkeztu ditue Botabaren edizino honetako enbaxadoreak: Iban Garcia youtuberra eta Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia aktoreak. Horrezaz gan, esaera zaharren eta esamoldeen arteko desbardintasunak ikasteko aukerea izan dabe gazteek, eta trebatzeko erronketan hartu dabe parte.
Izan be, beroketa-fase honetan, astero hainbat proba ipinten deutsiez: hieroglifiko baten atzean zein esamolde dagoan asmatzea; Mr. Euskaldunen irudi batek zein esamolde iradokitzen dauen; gaztelaniazko esamolde baten euskerazko baliokidea emotea; Berri Txarrak taldearen abesti batek ze esamolde ezkutetan dauen asmatzea… Sariak banatzen be hasi dira. Laster, Donostia Festibalerako lau sarrera emongo ditue.
Hurrengo asteetan, beroketa-faseko erronka gehiago egongo dira. Zemendiaren 4tik 25era, ostera, beste fase batera pasau eta lehiaketea egingo dabe: esamolde bat aukeratu, bideo bat grabau eta antolatzaileei bialdu beharko deutsie (botaba@labayru.eus), edo Instagramen ipini, #botaba traola erabilita.
Sari potoloak egongo dira ondo erabilitako esamoldeentzat eta originalentzat. Interraileko txartelak, abentura-esperientziak eta BBK Live jaialdirako sarrerak izango ditue irabazleek. Sariak abenduaren 6an banatuko ditue, Durangoko Azokako areto nagusian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!