Hiru bikote, Bertsokabi Sariketako txapelaren bila
2019-10-23 08:53 BertsolaritzeaEguenean, hilak 24, jokatuko da finala, Iruñean.
Hiru kanporaketa jokatuta, beste horrenbeste bikote sailkatu dira II. Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketako finalerako: Aitor Irastorza-Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain-Josu Sanjurjo eta Irati Majuelo-Alazne Untxalo. Iruñeko Herriko Tabernako oholtzan kantauko dabe bihar, eguena, 18:30ean. Gai jartzailea Maialen Belarra izango da.
Saio informalaren eta txapelketakoaren arteko orekeari eustea da antolatzaileen asmoa. Horregaitik, danetariko ariketak atondu ditue finalerako. Kanporaketakaz alderatuta, aldaketa batzuk izango ditu azken saioak, esate baterako, zortziko txikian eta hamarreko txikian bertsolari guztiak ofizioka jarriko ditue. Bakarkako zein puntukako ariketak izango ditue, baita koplak be. Azkenik, bertso-jolasean parte hartuko dabe.
Bikote irabazlea aukeratzeko sistemea be mistoa izango da. Joseba Beltza eta Nerea Bruño epaileakaz batera, publikoko bost lagunek be balorauko ditue bertsoak, eta eretxi biak kontuan hartuta emongo dabe saria.
Eugenio Arraiza zana omentzeaz gan, Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jentaurrean kantetako aukerea emotea da Bertsokabiren helburua. Gerora plazarik plaza ibilitako bertsolari askok emon zituen lehen urratsak gazteentzako bertso sariketetan, gogoratu dau Nafarroako Bertsozale Alkarteak. Iruñerriko publikoa bertsozaletzeko bidea be bada, saioak urigune horretako leku informaletan antolatzen ditue eta.
Bigarren edizino honetan, 16 eta 30 urte bitarteko hamazortzi bertsolarik emon dabe izena, bederatzi bikotetan. 2017an, lehenengo edizinoan, Alazne Untxalok eta Egoitz Gorosterrazuk irabazi eben txapela, eta biharko finalean barriro egongo da Untxalo, kasu honetan Irati Majuelogaz batera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!