Iñaki Arregi ikerketa bekeak proiektu bi bultzatuko ditu

Bizkaie! 2019-10-23 08:06   Euskerea berbagai

Erdaldunek euskereagaz daben hartu-emona batetik, eta garapen estrategiak bestetik, jorratuko ditue.

Iñaki Arregi bekearen deitzaileak eta irabazleak, Donostian (argazkia: UEMA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurten lehenengo aldiz egin dau UEMAk Iñaki Arregi bekarako deialdia. Aurkeztu diran proposamen guztiak aztertu eta balorau eta gero, proiektu bi aukeratu ditue. Donostian egindako agerraldian, UEMAko arduradunak ez eze, bekea babesten daben erakundeetako ordezkariak be egon dira: Eusko Jaurlaritzea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kontseilua eta UEU.

Gipuzkoako Hizkuntza Bardintasunerako diputadu Garbiñe Mendizabalen esanetan, euskerearen bizibarritzean ikerketea be behar dogu, eta horretara dator beka hau. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok ganeratu dauenez, udalerri euskaldunak garatzea da euskerearen arnasguneei sendo eusteko modu eraginkorrena. Agintaldi barrian udalerri euskaldunak garatzeko adibide praktikoak aztertu eta abiarazo nahian ipini dabe martxan bekea.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok be arnasguneen garrantziaren inguruan egindako bidea sendotzeko eta aurrera egiteko pauso lez aurkeztu dau ekimena. Beste urrats bat da hau, udalerri euskaldunak babesteaz gan, zelan garatu behar diran be praktikan ikusteko. Holako ikerketak eta ekarpenak behar ditue arnasguneek, eta holako beka bat merezi eban Iñaki Arregik be. Jaurlaritzako Josune Zabalak arnasguneetako  herritarrak kontzientziau eta ahalduntzeko beharra azpimarratu dau.

Bekea jaso dabenek bederatzi hileko epea dabe lana amaituta aurkezteko. 2020ko udagoienean UEMAk antolatuko dituen jardunaldietan emongo dabe azterlanen barri. Proiektu bakotxari 5.000 eurogaz lagunduko deutsie Iñaki Arregi bekearen deitzaileek.

Sarituak

1- Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu eta Ekhi Zubiria: Udalerri euskaldunetara 2005az geroztik ailegau diran eta jatorriz Euskal Herritik kanpokoak diran herritar erdaldunek zelako harremana, bizipenak eta eretxiak dituen, euskareagaz eta bizileku daben herriagaz.

Era askotako alderdiak jorratuko ditue. Esate baterako, egunerokoan ze hizkuntza erabilten daben, hizkuntzen inguruko ze pertzepzino daukien, beharrak eta mugak identifiketea...

Udalerri euskaldunetako erdaldunen beharrak zehatz ezagututa, kolektibo horri ondo egokitzen jakozan esku-hartzeak eta aurrera begirako lan-ildoak diseinetako giltzarriak identifikau ahal izango ditue, udalerri euskaldunak garatzeko proposamen bideragarriak eta zehatzak batuta.

2- Joseba Garmendia: Tokiko garapen ekonomikorako estrategiak eregiteko marko kontzeptuala, arkitekturea eta metodologia. Egileak azaldu dauenez, ikerketa honen helburu nagusia, eskala lokalean baliagarria izango dan garapen endogenorako eredu kontzeptual sistemikoa eskaintzea da. Eredu honi garapen endogenorako tokiko sistema deituko deutsagu eta honako dimensinoak hartuko ditu: sistemako eragile eta antolakuntzen arteko harremanak, interdependentzia graduak, prozesu esanguratsuak, eta bere oinarrizko egiturea eta inguruagaz bere berezitasuna birproduzitzeko sistemearen ahalmena.

Eredu kontzeptual honen bitartez lehen aitaturiko asebakotasun horreei aurre egiten ahaleginduko da ikertzailea. Garapen esperientzietan barrikuntza prozesuez gan beste prozesu gakoak identifikau nahi ditu eta horretarako barrikuntzearen kontzeptuaren definizino estua erabiliko dau. Hori guztia, lekuan lekuko eskalan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu