Eskola Hiztun Bila Bilbon

Bizkaie! 2019-10-23 08:02   Euskerea berbagai

Euskeraz ahal eta nahi lemapean, 410 profesionalek euskerearen erabilerea sustatzeko esperientziak konpartidu ditue.

Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak, Lucia Torrealday Hezkuntzea Barriztetako zuzendaria lagun ebala, hasierea emon deutso Bilbon XXIII. Eskola Hiztun Bila jardunaldiari. Hezkuntza Sailak ikastetxeen hizkuntza normalizazinorako Ulibarri programearen barruan atontzen dauen jardunaldi honek 410 lagunetik gora batuko ditu gaur eta bihar Bilbon, Hizkuntza Normalizazinoko Aholkulari Teknikoak gehien bat. Arlo teorikoak ez eze, ikastetxeetan abian diran esperientzia praktiko ugari be ezagutu eta konpartidu ahal izango ditue profesionalok egun bi honeetan. Euskerearen jaubekuntzeagaz lotutako estrategia didaktikoak jorratu eta ikasleakaz landu beharreko jarrera edo motibazinoak be aztertuko ditue Eskola Hiztun Bila jardunaldian, hau da, zelan hobetu hizkuntzearen jaubekuntza prozesua eta zelan landu erabilereagaz lotutako arloak.

Hasierako berbaldian Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak ikastetxeetan landutako Hizkuntza Normalizazinoko Planak eta Hezkuntza Sailaren erreferentzia-esparrua izan ditu berbagai, eta hizkuntza-gaitasunaren lanketeak –euskerea ardatz hartuta- dakarren paradigma aldaketea nabarmendu eta Kanpo-ebaluazinoetako emoitzak hobetzearen alde egin dau, ikasturtean zehar hezkuntza sisteman sartzen diran ikasleei arretea emoteko ekimen barriak legez, eta azkenik, euskerea ikastearen eta euskal kulturea ezagutzearen balioa, gizartea lortzeko erreferente legez.

Bestalde, Lucia Torrealday Hezkuntza Barriztetako zuzendariak hizkuntzearen ezagutza eta erabilereagaz dituen hartu-emon estuak azaldu ditu, eta Hezkuntza Sailaren Ulibarri programearen barruan jorratzen diran Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuek nahiz Normalizazino Proiektuek daben garrantzia azpimarratu dau: Hizkuntza Normalizazino Proiektuen bidez ikasleen gaitasuna sustatzen eta bermatzen dogu, hau da, euskeraz berba egin ahal izatea (hizkuntzearen jaubekuntza prozesua), baita beste arlo garrantzitsu bat be: euskeraz berba egin gura izatea. Zertarako balio deusku euskeraz jakiteak, gero ez badogu erabilteko intentzinorik edo jarrerarik? Hankamotz geratuko litzateke gure egitekoa, eskolearen egitekoa eta gizartearen nahia, azaldu dau.

Euskerea eskolako ekintzetan, barruko nahiz kanpoko jardueretan modu normalizatuan eta ohituraz erabiltea dala Ulibarri programearen helburua azaldu dau Torrealdayk: Hizkuntza ofizial bien erabileran orekea eta bardintasuna bilatzea da hezkuntza-sistemearen helburuetako bat, eta euskereak gizarte-erabilera desorekatua eta ahula dauenez gaztelaniaren aldean, euskerea hezkuntza-komunidadearen jarduera guztietan adierazpide normala izan daiten bultzatu eta bermatu behar dau hezkuntza-eskumenak dituan sailak. Horretarako sortu zan Ulibarri.

Jardunaldien lehen egun honetan saio guztien gai nagusia Eskolatze hizkuntzearen trataera didaktikoa izan da. Edegiera ekitaldiaren ondoren, Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko Eneritz Garrok eta Karmele Perez irakasle eta ikerlariek egin dabe berba, euskal eskoleak egun dituan erronkakaz lotura estua daben gaiak jorratzeko.

Jardunaldiek bihar, urriak 23, izango dabe jarraipena, Bilboko Bizkaia Aretoan, honako gai hau ardatz hartuta: Ikasleakaz hizkuntza jarrerak, motibazinoa edota heziketa soziolinguistikoa lantzen. Bigarren egun honetan, ikastetxeetan abian diran esperientziak konpartidu eta esperientzia horreek guztiak barritzaileak izanik, ikastetxeetan euskerearen erabilerea sustatzeko sano positiboak izan dira. Bigarren egunari Kike Amonarriz soziolinguista ezagunak emongo deutso hasierea eta amaierea Gazteen –eta irakasleen prestakuntza soziolinguistikoaren beharra izeneko berbaldiagaz.


Eskola Hiztun Bila

Urtero antolatzen ditu Hezkuntza Sailak aurten XXIII. edizinora heldu diran Eskola Hiztun Bila jardunaldiak. Hizkuntzearen normalizazinorako Ulibarri programan parte hartzen daben ikastetxeei eta bertako arduradunei zuzendurik, formazinoa eta esperientzia trukaketea ditu helburu. 1996-1997 ikasturtean jarri eben abian Ulibarri programea euskal ikastetxeetan. Euskerearen normalizazino alorrean aitzindari, egun sendo eta erabat errotuta dago programa hau, eta Euskadiko 410 ikastetxek hartzen dabe parte bertan, euren egunerokoan euskerearen erabilerea eta kalidadea indartzeko asmoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu