Aldi barriari ilusinoz ekiteko deia egin dau Euskaltzaindiak, mendeurrenaren amaieran
2019-10-22 13:03 Euskerea berbagaiEhun urtean batutako jakintza guztia gizarteari emotea izango da Akademiaren erronkea.
Ehun urteko bidea gogoan, baina etorkizunera begira hasi eban Euskaltzaindiak mendeurrena ospatzeko egitaraua, 2018ko irailean, eta ospakizun ofizialak amaituta, hurrengo urteetarako oinarriak jarri ditu. Atzera begiratu behar da, baina aurrera be bai, adierazo dau Sagrario Aleman euskaltzainak, Bilbon egindako agerraldian. Beragaz batera egon dira Andres Urrutia euskaltzainburua eta Ibon Usarralde mendeurreneko ekitaldien arduraduna.
Pozik dagoz ospakizunetako jardueren emoitzeagaz, bai jentearen erantzunagaitik eta baita Euskaltzaindian bertan izandako eraginagaitik be. Batez be, erakundea hurrengo hamarkadetara begira jarri dabelako. Ez dogu autokonplazentzian jausi nahi, azpimarratu dau Urrutiak: Lantzen doguzan alor guztietan astindu bat emoteko antolatu dogu mendeurrena.
1919an lehenengo batzarra egin ebanetik, Euskaltzaindiaren zeregina zeharo aldatu dala gogoratu dau Urrutiak, eta gaur egungo beharretara egokitu ezean, gizarteak eta euskereak beste bide batetik joko dabela ganeratu. Gure lanak ezaugarri barriak ditu orain, mezua gaurkotzen jakin behar dogu, zerbitzu bokazinoa indartuz. Digitalizazinoa ezinbestekoa da, baita nazinoartekotzea, profesionalizazinoa eta sozializazinoa be.
Horrek ez dau esan gura orain arte egindako lana alboratu behar danik, kontrakoa baino: Ehun urtean batutako jakintza guztia gizarteari emotea da gure beharra, dino Urrutiak. Horregaitik indartu ditue webguneko aukerak, sare sozialetako jarduna eta abar. Hizkuntzea lantzen daben irakasle, kazetari, ikerlari eta ganerako eragileei erreminta egokiak emonda, euskereari gaur egungo testuinguru eleanitz eta aldakorrean lekua emon ahal izango jako, eta erabilera sozialari on egingo deutso.
Aldi bat amaitu eta beste bat zabaldu dau mendeurrenak, Urrutiaren ustez, eta aurrerantzean alkarlana beharrezkoa izango dala deritxo. Euskaltzaindiak dei zabala egiten deutso euskal gizarte osoari, XXI. mende itxaropentsu honi ilusino barrituagaz ekiteko deia, danok baikara ezinbestekoak euskerea indartu eta normalizauko badogu.
Bost arlo
Ibon Usarraldek emon ditu mendeurrena ospatzeko egitarau luzearen ganeko datuak. Bost moltsotan banatu ditu antolatutako ekimen guztiak: Egitarau akademikoa; alde instituzionala; egitarau artistiko-kulturala; ehun urteak erakusteko ekimenak; eta bestelakoak.
Mendeurreneko hamar jardunaldi akademikoetan, 170 hizlari eta 1.100 parte-hartzaile egon dirala zehaztu dau Usarraldek. Euskal Herri guztira heldu dira jardunaldiak eurak, baina streaming bidez be izan ditue ikus-entzule ugari. Nazinoartekoak izan dira topaketak, izan be, euskerea ez dala isolatuta egon behar eta mundu zabalera urten behar dauela adierazo dau Andres Urrutiak.
Ganera, egitarau akademikoaren barruan, hainbat argitalpen aurkeztu ditu Euskaltzaindiak, papelezkoak batzuk, digitalak besteak: Hiztegiak, esku-liburuak, arau-bildumak... Baiona 1964 eta Euskara ibiltaria erakusketak ahaztu barik.
Programazino artistiko eta kulturala izan da mendeurreneko beste alderdi deigarrietako bat, jantzea, antzerkia, irakurraldiak, kontzertuak eta abar antolatu ditue eta. 90 emonaldi izan dira danetara, eta 9.150 ikus-entzule erakarri ditue.
Usarraldek ontzat jo ditu horreek zenbakiak, gizarteak erantzun ona emon dauelako. Baina beste ondorio positibo bat be atera dau: Publikoari gozau eragin deutsagu, baina, ganera, ekitaldien ostean, jenteak zer pentsaua eroan dau etxera, gogoetea egin dau.
Interneteko eta sare sozialetako lana sendotzeko erabagiak be onurea ekarri dauela nabarmendu dau Usarraldek. Webgunea barritu eta eduki barriak sartuta, bisitak bikoxtu egin dira. Ganera, Euskararen herria ehuntzen unidade didaktikoa atontzen dabiz, orain probak egiten hasi dira ikastetxeetan, behin betiko egokitzapenak egin aurretik.
Azkueri omenaldia
Mendeurreneko ekitaldiak amaitutzat jo dituen arren, oraindino ekitaldiren bat edo beste egingo dabe hurrengo asteetan (Ghero antzezlanaren emonaldi batzuk faltau dira oraindino, esaterako). Horrezaz gan, egitarau ofizialetik kanpo egon arren, Euskaltzaindiaren historiagaz zelanbaiteko loturea dauen ekitaldi baten barri emon dau Andres Urrutiak. Resurrección María de Azkueri omenaldia egingo deutsie Lekeition, abenduaren 20an.
Osoko bilkurea egingo dabe egun horretan Lekeition, Azkueren jaioterrian. Lehenengo euskaltzainburua izateaz gan, hasierako urteetan Akademiaren bultzatzaile eta eusle nagusia izan zan Azkue, euskerearen eta kulturearen alorreko makina bat ekimen martxan jarteaz gan. Urrutiaren ustez, ehun urteotako sasoirik txarrenetan aurrera egiten jakin izan eban: Gu orain hemen egotea, neurri baten, Azkueri zor deutsagu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!