Euskadi sormenaren alorrean egiten dagoan lana autortu dau Europak

Bizkaie! 2019-10-22 12:39   Kulturea

Bilboko eta Donostiako kultura-eskaintzea eta sortze-ekosistemea nabarmendu ditue.

Euskadik presentzia esanguratsua dau Creative Cities Monitor izenburuagaz Europar Batasunak urien eta sormenaren inguruan argitaratu dauen urteko txostenean. Europako Batzordeko Barrikuntzearen Europako Agentziak aitatu txostena argitaratu barri dau, eta bertan Bilboko eta Donostiako kultura-eskaintzea eta sortze-ekosistemea nabarmendu ditu, sormenaren alde egiten daben lanagaitik nabarmendutako 190 uri eta lurraldeen artean daben zeregina azpimarratuz. Txostenak Eusko Jaurlaritzearen ikuspegia be jaso dau, sormenaren alde Europa mailan egindako apustua nabarmenduz.

Europako Batzordeak txostenean parte hartzeko gonbita egin eutson Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozi, Europako agendearen barruan barrikuntza eta Kultura eta Sormen Industriak sustatzeko Eusko Jaurlaritzea egiten dagoan ibilbidea autortuz. Europar Batasunarentzat erreferentzia diran beste zenbait agintari publikogaz batera, eskualde-dimensinoak eskaintzen dauen potentziala aprobetxetako, barrikuntzea sustatzeko eta kulturgintzearen eta sormenaren arloko eragile guztien arteko lankidetzea bultzatzeko beharra defendidu dau sailburuordeak. Holan, Barrikuntzearen eta Espezializazinoaren Europako estrategiak eskaintzen dauen potentziala nabarmendu dau Joxean Muñozek, eta gaineratu dau Europako eskualdetan aplikau beharreko bere osogarriak eta ad hoc egindako planak funtsezkoak dirala sormenaren eta kulturearen arloak trakzino-ikuspegi batetik sustatu ahal izateko.

Lankidetza hau Europako agendan Euskadik izan nahi dauen posizinoa bermatzeko Eusko Jaurlaritzeak abiatutako ekintza ezbardinei esker izan da posible, eta Eusko Jaurlaritzearen eta Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzearen lanari esker Europako erakundeakaz landutako alkarlanen eta konplizidadeen emoitzea da. Europa-mailan eta euskal agendearen barruan nabarmentzekoa da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Interreg Europe Creadis3 izeneko proiektu europarrean dauen lidergoa.

Euskal erakundeek kultura eta sormenaren euskal arloetako parte-hartzea babesten dabiz Europako Batasunak bultatzen dituan proiektu eta aukeretan, bai eta Europako beste kide batzuekaz gauzatutako sare-lana edo kultura-diplomaziak eskainitako espazioetan izandako parte-hartzea be. Ondoko erakundeek alkarregaz lan egiten dabe, aitatu arloa sendotzeko helburuagaz: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzea, Etxepare Euskal Institutua, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi eta Zineuskadi, besteren artean.

Esangura horretan, Kultura eta Sormen Industriei lotuta Eusko Jaurlaritzeak gauzatzen dituan ekintzak Barrikuntzearen Europako Agendeagaz lerrokatuta dagoz. Euskal erantzuna eta aplikazinoa, zehatz, ZTBP/Espezializazino Adimentsurako Ikerketa eta Barrikuntza Estrategiaren bitartez gauzatzen da, Kultura eta Sormen Industriak aukera-hobi legez sartuz. KSI Barritzaile izeneko programearen bitartez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak barrikuntzea sustatu eta Kultura eta Sormen Industrien inguruko berezko euskal estrategia bat bultzatzen dau.

Europako finantzazinoa buelteteari jagokonez, kultura eta sormenaren euskal arloak Europa-mailako proiektu eta ekimenetan agertzen daben inplikazino eta proaktibotasuna nabarmendu behar da. 2014tik hona, 2014-2020 Europako programen barruan jasotako zuzeneko finantzazinoak 16 miloe euroak gainditu ditu. Bestalde, European Film Forumeko kide dan Zinemaldiko aurtengo edizinoan aurkeztutako euskal lau pelikulek Creative Europe programeak eskaintzen dauen finantza-bermearen babesa izan dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu