Bilboko eta Gernikako egoitzetara atondutako lehenengo bisiteak erantzun handia izan dau

Bizkaie! 2019-10-22 08:30   Kulturea

Hurrengo ibilbideak zemendiaren 7tik abenduaren 15era egingo dira.

Hogeta hamar persona inguruk gozau dabe Egun bat Batzar Nagusietan. Erakundearen zerak burutzen ekimenagaz, Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzetara antolatu diran bisiten arteko lehenengoagaz. Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzea (Hurtado de Amezaga, 6) bisitau eben. Egoitza horretan arte garaikide bilduma garrantzitsua be badago. Bertan, lurralde historikoaren gobernazinoagaz lotutako gaiak eztabaidatzen diran Batzordeen Aretoaren buru dan Jorge Oteizaren Guernica brontzea azpimarratu daiteke.

Ostean, autobusez joan ziran Gernikako Batzarretxera, eta partaideek erakundeetako liderrei eta nazinoarteko agintariei emoten jakena moduko harrerea jaso eben: txistulariakaz eta ohorezko aurreskuagaz. Osokoen Aretoa eta beste barruti historiko batzuk ezagutu ostean, Iñaki Irigoien folklorista ezagunak, Batzarrak egiten ziran egunetan Gernikan benetako jai giroa sortzen zala kontau, eta protokolozko sinbolo batzuen esanahia azaldu eban, Agur Jaunak edo emakumeen eguzkijantzea, beste batzuen artean.

Lehenengo ibilbide honetarako leku guztiak atoan bete ziran, baina ekimenagaz gozau gura dabenek zemendiaren 7tik abenduaren 15era izango diran beste sei bisitatarako izena emoteko aukerea dabe; guztiak doban izango dira. Bisitak euskeraz eta gaztelaniaz izango dira, Bilboko egoitzan hasiko dira, eta daborduko emon daiteke izena enkarterrimuseoa@bizkaia.eus helbidera idatzita edo 94 650 44 88 eta 94 610 48 15 telefono zenbakietara deituta.

Bizkaiko Batzar Nagusiek kultur jarduerez betetako udagoiena antolatu dabe; jarduera horreen artean Batzarretik Batzarrera ekimenaren lehenengo edizinoa azpimarratu behar da. Programa horrek, Bizkaiko Batzarretxeen egoitzak sakon ezagutzeko aukerea emongo dau.

Guztietan, lehenengo Bilboko egoitza administratiboa bisitauko da, eta gero autobusez joango da jagokon egoitzara. Bilboko egoitzea ikusi eta gero, zemendiaren 7an eta 9an Gerediagako Batzarretxea (Abadiño), zemendiaren 28an eta 30ean Gernikako Batzarretxea eta abenduaren 12an eta 15ean Abellanedako Batzarretxea (Enkarterriko Museoa, Sopuerta) bisitauko dira. Holan, Batzar Nagusien funtzionamendua ezagutzeaz gan, egoitzek historian zehar izan daben egitekoaren ikuspegi historikoa lortuko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu