Aramaioko Kopla Txapelketea, Xabat Illarregirentzat
2019-10-21 08:03 BertsolaritzeaHamalau bertsolarik hartu dabe parte.
Igaz Aramaioko Kopla Txapelketearen lehenengo edizinoak izandako harrera beroa eta herrian sortutako giro bikaina gogoan, aurten barriro antolatzea erabagi eben herriko bertsozaleek. Beraz, hamalau bertsolarik hartu eben parte bigarren edizinoan, barikuan, tartean igazko txapeldunak, Maider Arregik. Kalerik kale jokatu zituen finalaurrekoak, eta onenek finalean kantau eben gero, Iturrieta sagardotegian.
Xabat Illarregi leitzarra izan zan irabazlea. Buruz burukoan, Asier Galarza muxikarragaz kantau eban, ehun entzule baino gehiagoren aurrean. Igaz baino jente gehiago joan zan txapelketea ikusten. Aramaiokoak ez eze, inguruko herrietakoak be agertu ziran.
Hamalau bertsolariak honeek izan ziran: Maider Arregi, Jokin Labaien, Aitor Ugarte, Andere Arriolabengoa, Martin Abarrategi, Oihana Arana, Aroa Arrizubieta, Bittor Altube, Paule Loizaga, Xabat Illarregi, Malen Amenabar, Oihane Perea, Asier Galarza eta Aratz Igartzabal.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!