EHUk Urrezko Dominea emongo deutso Euskaltzaindiari
2019-10-21 11:33 Euskerea berbagaiLeioan izango da ekitaldia, barikuan.
Euskerea arautu eta modernizetako Euskaltzaindiak egindako lana autortu nahi dau EHUk, eta horregaitik Urrezko Dominea emongo deutso. Akademiak mendeurrena bete dauen urtea aukeratu dabe horretarako, ganera. Urriaren 25ean, barikua, goizeko 11:30ean egingo dabe dominea emoteko ekitaldia, unibersidade publikoak Leioan daukan egoitzako areto nagusian.
Nekane Balluerka EHUko errektorea eta Andres Urrutia euskaltzainburua egongo dira ekitaldian. Biek egingo dabe berba. Bestetik, Pedro Iriondo EHUko idazkari nagusiak Urrezko Dominea emotearen aktea irakurriko dau, eta laudatio berbaldia Miren Azkarateren esku egongo da.
EHUk gogora ekarri dauenez, 1980ko hamarkadearen hasieran irakasgai batzuk euskeraz eskaintzen hasi ziranetik hona, euskerearen presentzia eta egoerea asko hobetu dira unibersidadean. Urrats erabagigarriak egin dira euskerearen erabilera normaltzeko irakaskuntzan, ikerketan, jakintzearen zabalkundean eta administrazinoan. EHUk euskerazko terminologia zientifikoa eta unibersidadeko euskera estandar egokia sortzen eta zabaltzen lagundu dauela be azpimarratu dau: Horri esker, unibersidadera datozan ikasle gehienek aukerea dabe ikasketak euskeraz egiteko, ehunka liburu argitaratzen dira eta urtean 40 tesi baino gehiago defendiduten dira euskeraz.
Euskaltzaindiak, bestetik, urriko batzarra egiteko aprobetxauko dau Leioako hitzordua. Osoko bilkuran, mendeurreneko jardueren balantzea eta 2020ko egutegia aurkeztuko dira; horrezaz gan, Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak Batzorde Ahaldunduaren oharrak aztertu eta erabagiak hartuko dira, Akademiak aurreratu dauenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!