Maite Rey: 'Euskal kulturan badago zer iruntsi'
2019-10-21 08:15 BarriketanOndarroako Udaleko euskera teknikaria.
Literaturea, euskerea eta ikus-entzunezkoak buztartzen dituan VIII. Literatur Amuak Urriaren 25etik zemendiaren 3ra izango dira Ondarroan.
1.- Atzera zortzi urte egin eta zeintzuk izan ziran Literatur Amuak sortzeko helburuak?
Ondarroan berebiziko garrantzia emon jako beti kultureari, sortzaile ugari dago herrian eta urtean kulturearen eta euskerearen arloetan sortzen zan guztia batzeko preminea ikusi zanez, Udal euskera batzordekook horri ekin geuntson, idea egokia begitandu jakun horreek danak aterpe beraren babespean jartea eta horixe izan zan helburua.
2.- Amuak engantxau eta hil egiten zaitu. Literatura eta kultura arloan be antzera pasetan da baina zorionez ez gara hilten...
[Barreka] Heriotzarik bako arrantzea da gurea... Kostaldeko herria gara eta egoerea nabarmen aldatu bada be, oso berezkoa dogu lanbidea eta holako berbak txitean-pitean erabilten doguz. Horrek adierazoten dau euskal kulturan badagoala zer iruntsi, zer konsumidu.
3.- Oraintsu Augustin Zubikarai VIII. Ipuin Rallyan zenbat umek parte hartu eben?
Pozarren gagoz, 300 inguru izan dira; Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailakoak izan dira 150 bat lan aurkeztu dituenak; borondatez, barriz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailatik laugarrenera artekoa ikasleek be parte hartu dabe. Bitxikeria legez esango deutsut, kasu askotan binaka idazten dabela. Gogoa, pasinoa atzemoten doguz urtero eta parte-hartzaileen datuak be erakusten dau sortzaile faltarik ez dagoala Ondarroan.
4.- Urriaren 30ean, Augustin Zubikarai idazle ondarrutarra gogoan hartuta literatureari zuzendutako eguna izango da: Sari banaketea eta Augustin Zubikarai nobela bekeagaz lotutako aurkezpen bi. Irabazlearen barri ez deuskuzu emongo baina pistaren bat edo beste...
Arratsaldeko 18:00etan, ipuin rallyko sari banaketa ekitaldia egingo da Kofradia Zaharrean. Ordu erdi aurrerago nanoipuin lehiaketako sariak emongo ditue eta amaitzeko Augustin Zubikarai nobela bekeagaz lotutako aurkezpen bi egongo dira: Eneko Barberenak 2018ko nobela bekeagaz idatzitako Afrikanerrak nobelea aurkeztuko dau eta ondoren, aurtengo nobela bekearen irabazlea emongo dabe ezagutzera. Barberenaren nobelearen aurkezpena egiteaz Joxemari Urteaga arduratuko da eta aurtengo saridunaren barri emoteaz, ostera, Xabier Mendiguren.
Ezin deutsut gauza handirik aurreratu baina uzta ederreko urtea izan da, lan piloa jaso dogu eta irabazlea emakume bat izan da, thriller estiloko idatzia aurkeztu dauena. Badakizu urtebete izango dauela liburua idazteko.
5.- Zein da Literatur Amuak ekimenaren publikoa?
Danetariko jentea egoten da, umeak, gazteak zein helduak. Nanoipuin lehiaketan eta ipuin rallyan jente gazteagoa egoten da eta Literatur Amuak egitarauan, barriz, ekitaldiaren estiloaren araberakoa izaten da ikusentzulearen perfila.
Augustin Zubikarai VIII. Ipuin Rallya oso polita izaten da ze sariak emoteko saioan parte-hartzaileak eta familiakoak be hurreratzen dira eta giro polita sortzen da. Saritutako lanak irakurri egiten dira eta literatur giro ederra egoten da.
6.- Zeintzuk dira Ondarroako gazteek sare sozialetan dituen hizkuntza ohiturak?
Aurtengo barrikuntzea da hau, ezustean hartu dogu baina pozik gagoz Jon Fernandez kazetari ondarroarrak egin dauen ikerketa lanagaz. Kike Amonarriz izan dau lagun eta datu interesgarriak jaso ditue. Ikerketan, Ondarroako Batxillerreko ikasleek be parte hartu dabe eta ekitaldian izango dira euren jarrerea etaeretxiak erakusteko. Ondorioen artean, gazteek autortzen dabe sare sozialetan euskerea darabiltela gehienetan. Kasu baztuetan etxean baino gehiago eta oso esanguratsua da datu hau Ondarroan. Herriko hizkuntza bizia erabilten dabela be atzemon dabe eta kanpoko hizkuntzakaz be polito dabizela.
7.- Urriaren 25ean, 19:30ean Kofradia Zaharrean, Basa liburua idatzi dauen Miren Amuriza idazle berriztarra izango da protagonista. Zelako ekitaldia izango da?
Lehen be esan deutsut literaturearen eta kulturearen harian gauza asko atontzen doguzala. Liburuen Amuak taldea da antolatzaile dabilena, Jose Mari Urteaga idazlearen koordinazinoagaz; dinamikea izaten da liburu bat irakurri dabenen arteko barriketaldia. Urtean bost hitzordu izaten ditue. Beti ez da posible izaten baina ahal dan kasuetan, liburuaren egilea Ondarroara ekarri gura izaten dogu. Aurten Miren Amuriza geure artean izango da Kofradia Zaharrean eta Basa liburua idatzi dauena Ondarroan izatea ohorea da guretzako. Datorren urtean, barriz, Miren Agur Meabe idazleak baieztatu deusku Ondarroan egongo dala Hezurren erretura liburuaren barriketaldian.
8.- Hilaren 31n, Aingurak izeneko komiki musikatuaren ikuskizuna eskainiko dabe Kofradia Zaharrean Joseba Larratxe marrazkilariak eta Joseba B. Lenoir eta Miren Narbaiza musikariek.
Musikeak be lekua izango dau Ondarroan. Lehenagoko zinema mutuarena moduko saioa eskainiko dabe, proiekzinoa musikaz jantzita, hain zuzen be. Saio ederra izango dalakoan gagoz. Eta gauzatxu bat argitu gura neuke, izan be, egitarauan Beikozinan izango dala ipini arren, Kofradia Zaharrean izango da ekitaldia.
9.- Egitaraua sano potoloa da eta Ma Kolektiboa, Kepa Altonaga eta Ainize Madariaga, Andoni Egaña, Xabier Zabala eta Alberto de Abajo be ez doguz ahaztu gura. Horreetatik zeozertxu nabarmentzekotan, zein?
[Barreka]... Danak izango dira bikainak baina neuk bat nabarmentzekotan, Enkarguz Andoni Egaña eta Alberto de Abajorena gomendauko deutsut, ikusita daukat Bilbon eta esperientzia oso polita da. Nabarmentzekoa da zelan egiten daben bat publikoagaz, obrako gorabeheretan barru-barruraino sartzen dira eta oso gustagarria da.
Ganerakoetan, Metrokoadrokaren Munduko Poesia Kaia be ikusteko modukoa izango da; Oier Gillan behin baino gehiagotan ekarri dogu eta poesia errezitaldia izan arren, Gillanen ukutua dauka, ahotsak eta mobimentuak buztartzen ditue eta oso ikusgarria da.
Enaren kontuak, barriz, Musika Eskolan, 17:ooetan hasiko da eta publiko guatiarentzako saioa da. Gaztelupeko Hotsak etxeak atondu dau musikearen bidezko migrazino ibilbide bat eta oso erakargarria izango da.
Horrezaz gan, ez daiguzan ahaztu Kepa Altonaga eta Ainize Madariagaren Euskaldunen malurak eta paliatiboak eta Ma Kolektiboaren Lua Kastore, jantzea, antzerkia eta ikus-entzunezkoak buztartzen dituan ikuskizuna, zemendiaren 1ean, Beikozinan.
10.- Ekitaldi gehienak doban dira baina pare bat ordaintzekoak dira. Zeintzuk?
Enkarguz lana ikusteko euro bi ordaindu behar dira emonkizunaren aurretik; bestetik, Ma Kolektiboren Lua Kastore be ordaintzekoa da, kasu honetan be euro bi.
11.- Datorren urteari begira zeintzuk dira erronkak?
Eustea da egiteko nagusia. Ondo gabiz, jentea pozik dago baina lan handia da koordinazinoan eta antolakuntzan baina Ondarroa lako herri txiki batentzako lujo txikia da euskerazko sormen munduan egiten diran gauzen erakusgarri izatea. Beti egiten dogu ahalegina herriko sortzaileak ekarteko eta Lua Kastore emonaldian badira ondarroarrak, berbarako, Andoni Gartzia, Eneritz Zeberio eta Jon Fernandez kazetari ondarroarraren ekarpena be ahaztu barik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!