Irati Majuelok eta Alazne Untxalok irabazi dabe Bertsokabiko azken kanporaketea

Bizkaie! 2019-10-18 10:46   Bertsolaritzea

Irabazleak datorren egueneko, hilaren 24ko, finalerako sailkatu dira.

Irati Majuelo eta Alazne Untxalo | Ikusi handiago | Argazki originala

Mendillorriko Antzaran jokatu da saioa, eta han izan dira kantuan, irabazleez gan, Endika Legarrak eta Joanes Illarregik eta Etxahun Azkarragak eta Patxi Castillok osotutako bikoteak. Giro bikainean egin da saioa, 50 entzule ingururen aurrean.

Irabazleak datorren egueneko finalerako sailkatu dira. Eurekaz batera kantauko dabe Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi, eta Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjok.

Mendillorriko Antzara gune komunitarioan jokatu zan atzo II. Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketearen hirugarren eta azken kanporaketea. Hiru bikote eta sei bertsolari izan ziran taula gainean: Irati Majuelo eta Alazne Untxalo, Endika Legarra eta Joanes Illarregi eta Etxahun Azkarraga eta Patxi Castillo. Gai-jartzaile eta aurkezle zereginak, barriz, Itsaso Agirrek bete zituan. Publikoko bost personek izan eben bertsolarien jarduna epaitzeko ardurea, eta eurekaz batera, Nerea Bruño eta Mikel Beaumont be ibili ziran epaile lanetan. Lan puntuagarriak amaituta, Irati Majuelo eta Alazne Untxalok osotutako bikotea izentau eben saioko irabazle. Modu horretan, urriaren 24an Iruñeko Herriko Tabernan jokatuko dan finalerako txartela eskuratu dabe. Eurekaz batera izango dira finalean Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi, eta Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo.

Bikoteka banatu zituen atzoko saioan egin beharreko lanak. Lehenengo, gaia emonda, ofiziotan ibili ziran sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastauta. Segidillearen txandan, minutu bateko bina txanda osotu zituen Alazne Untxalok, Joanes Illarregik eta Patxi Castillok. ‘Bat, bi, hiru’ jokoaren tartean, ipuinetako personaiak, euskal aktoreak eta Frantziako uriak zerrendatzen ibili ziran puntuka hiru bikoteak, hurranez hurran.

Olgeta horren ostean heldu zan bakarkako ariketea, Irati Majuelok, Endika Legarrak eta Etxahun Azkarragak bete ebena, oinak emonda habanera bana osotuz. Horren ostean, saioari amaierea emoteko, koplaka ibili ziran hiru bikoteak, egoerea emonda. Amaieran, behin publikoaren eta epaileen eretxiak batuta, jakinarazo eban aurkezleak saioko bikote irabazlea.


Finala, urriaren 24an

Hiru kanporaketak amaituta, finala baino ez da falta aurtengo sariketeari agur esateko eta datorren astean izango da hori, eguenean, urriaren 24an, 18:30ean Iruñeko Herriko Tabernan. Hiru kanporaketetan sailkatutako hiru bikoteak izango dira han kantuan, txapela nork irabazi. Maialen Belarra aizango da gai-jartzailea, eta publikoagaz batera, Joseba Beltza eta Nerea Bruñok egingo ditue epaile lanak.

Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jentaurrean kantetako aukerea emoteaz gan, Iruñerriko publikoa bertsozaletzeko helburua dau sariketeak, bertsoa uriburuko eremu informaletara eroanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zanaren figureari gorazarre egin nahi deutso Nafarroako Bertsozale Alkarteak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu