Hakima Flissi, Mississippi Queen eta Nerabe, Artistas en Ruta programan

Bizkaie! 2019-10-18 08:41   Musikea

2020ko lehenengo partean Espainiatik birea egingo dabe hirurek.

AIEk, Entidad de Gestión de los Artistas Intérpretes o Ejecutantes de la Música dalakoak, 2020ko lehenengo txandan Artistas en Ruta programan parte hartuko daben talde eta bakarlariak aukeratu ditu. Tartean dagoz hiru euskal ordezkari: Hakima Flissi, Mississippi Queen eta Nerabe.

Hasten edo hazten dagozan talde eta artistei bultzadea emoteko asmoz antolatzen dabe urtero Artistas en Ruta. Aukeratutakoek kontzertuak jo leikiez euren lurraldetik urrun, Espainiako beste erkidego batzuetan, eta, era horretara, publiko barriak ezagutzen ditue eta zale gehiagok dabe proiektu musikal horreen barri. AIEk laguntzinoa emoten deutse etxetik urrun jo deien, diruz zein azpiegituraz.

Hakima Flissi abeslari bilbotarrak 2018ko Gaztea maketa lehiaketea irabazi ebanetik, hamaika kontzertu jo ditu Euskal Herrian eta kanpoan. Erritmo elektroniko garaikideak jorratzen ditu, eta bere ahotsean soul eta R&B ukituak nabari dira.

Mississippi Queen taldea be bilbotarra da, eta funk, soul eta jazz oinarria dauka euren musikeak. Indarrez beteriko zuzenekoetan, euren kantez gan, aitatutako generoetako klasikoen bersinoak eskaintzen ditue.

Azkenik, 2016an Donostian sortu zan Nerabe taldea. Txanda honetan aukeratutakoen artean, euskeraz abesten daben bakarrak dira. 1980ko hamarkadan oinarritutako pop-rocka da euren ikurra, eta jaialdi entzutetsu batzuetan jo dabe azkenaldion.

Artistas en Ruta programearen barruan, lau eta sei kontzertu bitartean joko ditu talde edo bakarlari bakotxak, 2020ko lehenengo seihilekoan. Urtearen bigarren parterako, beste deialdi bat egingo dabe, artista gehiago aukeratzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu