1919ko Nazinoarteko Erakusketea gogoratuko dau Arte Eder Museoak
2019-10-17 09:43 KultureaAle monografiko bat kaleratu eta jardunaldi bat antolatu dabe.
Euskal Artisten Alkarteak, modernidade artistikoa bertora ekarteko asmoz, Nazinoarteko Pintura eta Eskultura Erakusketea antolatu eban 1919an, Bilbon. Ekimen haren mendeurrena gogoratzeko asmoz, Bilboko Arte Eder Museoak bere buletinaren zenbaki monografikoa argitaratu dau, eta erakusketea aztertzeko jardunaldia egingo dau zemendiaren 14an.
EHUko irakasle diran Ismael Manterolak eta Mikel Onandiak koordinau dabe museoaren aldizkari zientifikoaren 11. zenbaki monografikoa, 1919ko erakusketeari eta haren kontestuari oso-osoan eskainia. Monografikoan hartu dabe parte, besteak beste, Joseba Agirreazkuenagak, María Dolores Jiménez-Blancok eta Andere Larrinagak.
Erakusketea zelan sortu zan eta ze ondorio izan zituan jorratzen dabe adituek, orduko testuinguru sozial, politiko eta kulturala be bai. Ganera, Europako eta Bilboko giro artistikoa azaltzen dau monografikoak. Eranskin baten, 1919ko erakusketako katalogo ofizialaren erreprodukzinoa dakar. Zenbaki digital eta librea danez, edonork deskargau ahal izango dau, euskeraz zein gaztelaniaz (hemen, 18,1 MB).
Zemendiaren 14ko jardunaldiari jagokonez, monografikoan parte hartu daben adituetako batzuek egingo dabe berba, tartean Manterolak eta Onandiak, Arte Eder Museoak aurreratu dauenez. 1919ko erakusketearen balio artistikoa azalduko dabe, baita honek euskal artean eta museoaren bildumagintzan izandako eragina be. Ordutegia 09:00etatik 17:00ak arte izango da.
Doban emon leikie izena, museoaren webgunean, jardunaldira joan nahi dabenek. Metro Bilbao da monografikoaren zein jardunaldiaren babesle nagusia.
Artisten bilgune
Bizkaiko Diputazino Probintzialak antolatu eban 1919ko Nazinoarteko Erakusketea, Ramón de la Sota batzordearen buru zala. Deialdiak erantzun ona izan eban: Bertoko zein atzerriko 139 artistaren 400 obra baino gehiago aurkeztu ziran. Batzuk izen handikoak ziran ordurako: Iturrino, Losada, Arteta, Larroque, Zubiaurre anaiak...
Atzerriko arteei eskainitako aretoan, XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako artista esanguratsuenen pieza batzuk ipini zituen. Besteak beste, Cezanne, Monet, Redon, Van Gogh, Gauguin eta Matisseren lanak ikusi ahal izan zituen bilbotarrek, baita Picassorenak be.
Beharbada, urte hareetan ospe handia eukan Parisko Salon d'Automne izan zan Bilboko ekimenaren inspirazino-iturri nagusia, batez be arte garaikidean aurrerapausuak egiten zituen artistei omenaldia egiteko asmoari jagokonez. Halandabe, era horretako erakusketakaz baeukan desbardintasun handi bat Bilbokoak: Saririk edo dominarik ez eben emon.
Horren ordez, epaimahai batek aukeratutako artelan onenak erosi egin zituen antolatzaileek, normalean sarietarako zan dirua bildumea aberasteko erabiliaz. Danetara, 22 obra erosi zituen, gerora Arte Eder Museoaren bilduman sartu ziranak. Ramón de la Sotak, bere aldetik, beste obra batzuk erosi zituan, eta denporeagaz honeek be museoaren bildumara batu dira, dohaintzen bidez.
Orduan erositako obrak ikusi nahi dituanak, aukera ederra dauka orain, Museoaren Alfabetoa erakusketearen barruan ikusgai ipiniko ditualako Arte Eder Museoak, A letreari jagokon aretoan. Cassatt, Gauguin, Juan de Echevarría, Nonell, Sérusier, Solana, Anglada Camarasa, Domingo Carles, Cottet, Le Sidaner eta Canalsen pinturak dira; Iturrino eta Noguésen akuaforteak; eta Borrell eta Julio Antonioren eskulturak.
Argazkiak: Bilboko Arte Eder Museoa.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!