Euskerea da Wikidatan esangura-kopururik handieneko hizkuntzea

Bizkaie! 2019-10-17 08:04   Euskerea berbagai

Elhuyar-eko I+Gko lantaldearenn programazino-kodea erabilgarri dago GitHub-en.

Euskal Wikilarien Kultur alkartearen eta Elhuyar-en lankidetzeari esker, Wikidatan dagozan hizkuntza guztien artean, euskerea seigarrena da berba-erroen (lexemen) kopuruan, bigarrena berba-formen kopuruan (berba-erro bakotxa deklinauta sortzen diran forma guztiak kontuan hartuta), eta hizkuntza nagusia da esangura-kopuruari jagokonez, ingelesaren, gaztelaniaren eta frantsesaren aurretik, besteak beste.

Wikidata alkarlanean editetan dan datu-base erraldoi bat da. Wikimedia Fundazinoak kudeatzen dau, proiektuetan erabili ahal izateko, adibidez Wikipedia elikatzeko.

2012an Wikidata abian jarri ebenetik, apurka-apurka elikatzen joan da, besteak beste, orain ia urte bi, Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoko 6.500 kontzeptu inguru txertatu zituen, baita Teknopolis telebista-saioko hainbat bideo be.

Azken urteotan, datu-mueta barriak gordeten hasi da Wikidata, hizkuntza askotan, hiztegien antzeko egitura batean. Informazino hori guztia hiru multzotan sailkatuta gordeten da: berba-erroak (hiztegi-sarrerak edo lexemak), formak (berba bakotxak deklinabide-kasuaren arabera hartu leikezan formak), eta esanahiak edo definizinoak.

Euskal Wikilarien Kultur Alkartearen eta Elhuyarren arteko lankidetzeari esker, Elhuyarren Ikaslearen Hiztegiko hainbat berba edo lexema (izen kategoriakoak) gehitu ditugu Wikidatan. Danetara, 10.000 lexema, bakotxaren 65 forma (deklinabideko kasu guztietakoak, singularrean, pluralean eta mugagabean) eta euren definizinoak gehitu ditugu.

Lan honi esker, orain errazagoa da euskerazko berbak identifiketea Wikipediako testuetan esate baterako, eta laster aukerea izango da garapen teknologiko barriak egitea datu-base horreetatik abiatuta.

Lan honetarako Elhuyarreko I+Gko lantaldearenn programazino-kodea erabilgarri dago GitHub-en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu