NPLD-Coppieters Campus-a Donostian egingo da urriaren 17an eta 18an

Bizkaie! 2019-10-16 08:53   Euskerea berbagai

Hizkuntza gitxituen aktibazino soziala izango da berbagai.

Hizkuntza ez hegemonikoen erabilerea sustatzeko Europa mailako esperientzien uriburu bihurtuko da Donostia, hainbat hizkuntza-komunidadeko ordezkariak batuz: katalana, friulerea, frisierea, galeserea, galegoa, ladinoa, bretoierea, suedierea, irlanderea eta euskerea.

2019ko NPLD-Coppieters Campusa Donostian egingo da urriaren 17an eta 18an, NPLD Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarrak, Coppieters Fundazinoak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatuta, eta Kataluniako Generalidadearen, Galesko Gobernuaren eta Frisiako probintziaren babesagaz. Activating the social use of minority languages izenburupean, hainbat hizkuntza komunidadeko ordezkariak batuko dira Miramar Jauregian.

Campusak hizkuntza-politiken plangintzan ardurea daben ordezkariak batuko ditu, baita hizkuntza gitxituen arloan lan egiten daben askotariko erakundeetako kideak be (alkarteak, unibersidadeak, ikerketa-zentroak...). Helburua da, leku ezbardinetan hizkuntza gitxituen erabilera soziala suspertzeko egiten dabizen esperientziak aurkeztea eta eztabaidatzea. Era berean, bere parte-hartzaileentzat alkargune bat izateaz gan, Campusa, hizkuntza-politiken planifikazinoaren eta ebaluazinoaren inguruan praktika onak konpartiduteko espazioa be izango da.

Saio monografikoa izango da esperientzia euskaldun, katalan eta galestartakaz. Campusaren hasierako zatian, parte-hartzaileek Euskaraldia aurkeztu eta aztertuko dabe: proiektuaren oinarri teorikoa, diseinua eta metodologia, komunikazinoa, koordinazinoa, eta bestelako arlo batzuk. Bigarren zatian, katalana izango da aztergai, batez be, negozioen munduan dauen erabilerea. Amaitzeko, hirugarren zatian, galesa izango da hizkuntza protagonista, izan be, familia barruan emoten diran aktibazino esperientziak aurkeztuko ditue, belaunaldien artean hizkuntzea transmitiduteko orduan.

Honakoa Campusaren bigarren edizinoa da, lehenengoa, Udinen, Friulin (Italia iparraldea), egin eben igaz, eta hizkuntza-politiken planifikazinoa eta ebaluazinoa izan zituen gai nagusi. Bertan 17 hizkuntza-komunidadeko 54 ordezkari batu ziran (irlanderea, galeserea, friulerea, mochenoa, zinbrierea, ladinoa, sardinierea, euskerea, katalana, suedierea, finlandierea, frisierea, korsikerea, okzitanierea, galizierea, breotierea, italierea). ARLeF (Friulerarako Eskualde Agentziak) , NPLD sareak eta Coppieters Fundazinoak antolatu eben lehenengo edizinoa, Udineko Unibersidadearen babesagaz.


Network to Promode the Linguistic Diversity (NPLD)

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarra, NPLD (Network to Promote Lingüistic Diversity), 2007. urtearen amaieran sortu zan. Europako hizkuntza konstituzional, eskualdeetako eta Estadu txikietako hiztunen interesak ordezkatzea dau helburu, eta estadu nahiz autonomia erkidegoetako gobernuak, GKEak eta hizkuntza plangintzearen alorrean lanean dabizen erakundeak batzen ditu. Helburua da agintari politikoek hizkuntza aniztasuna zehar-balio eta Europar Batasunaren politikearen helburu lez sustatzea. Ahots bakarrez dabilen oinarrizko plataformea da, Europako agintari politikoen eta Europar Batasuneko erakundeen aurrean hausnarketak, ekimenak eta ekintzak proponiduten ditu. Azken urteetako lanetako bat izan da Hizkuntza Aniztasunerako Ibilbide Orria, Euskadik NPLD sarearen barruan izan eban presidentzian sustatua.

Eusko Jaurlaritzea, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak ordezkatuta, NLPD sarearen eskubide osoko kide da 2009tik.

Coppieters Fundazinoa

Fundazino politikoa da, Europako Batasunak autortua 2007. urtetik. Europako Batasunaren fundazino printzipioak behatuz atontzen ditu ekintzak. Europa mailako eta nazinoarte mailako politiken ikerketea sustatzen dau, batez be, honako gaiak landuz: gizarte konplexuetan kultur eta hizkuntza aniztasuna, maila anitzeko gobernamendua, deszentralizazinoa, konstituzino eta estadu erreformak, estaduen bereizketea eta autodeterminazinoa, gobernu azpizentralen zuzendaritza politikoa eta ekonomikoa, gatazken konponbidea, giza eskubideak eta bakearen sustapena.


*Campusa streaming bidez jarraitu ahal izango da hemen.  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu