Lagunarteko lehia Taldekako Xilaban
2019-10-16 07:55 BertsolaritzeaUrriaren 20an, Urruñan, 13:00ean: Urruñago eta Ez Otoi Pentsa taldeak izango dira aurrez aurre.
Pasa den astegoienean, Amenduzeko Eiheran eta Azkaingo Xoko Ona ostatuan jokatu ziran Taldekako Xilaba Xapelketako ligaxken laugarren astegoieneko saioak.
Urriaren 11n, Amenduzeko Eihera ganezka egon zan eta afarirako mahai gehiego jarri behar izan zituen. Eskukula eta 4koplasara taldeek, biak Ezkorbrutei gailendu ondoren, finalerdira pasetea jokoan eben.
Agurrekin giroa piztu eta ez zan gaualdi osoan amatau. Gaiak egunerokotasuna eta umorea buztartuz etorri ziran: euren artean berbetan dagozan zulo bateko ETAren arma ahaztuak, laborarien eta herriaren burrukak edota barazkijaleei kritikea, Euskal Irratiak koplako saioan, baita porno aktore izan nahi dauenaren gurasoena be.
Bakarkako gaian, Ramuntxo Chrystiri, eskuin muturrak sobera ziztela dio gaiari kantau behar izan eutson: Alde bateko eta besteko nahi langileen defentsa / ...Aterabide bera dugunik ez dezala nehork pentsa bota eban lehenengo. Bigarrenean Ramuntxo, eskuina igotean ezkerrak behera egiten dauela eta ifrentzuz azalduz hasi zan, eskuinekoen kexua nondik heldu zan ulertzen erranez finitzeko. Amets Arzallusek, barriz, ezin ditu gehiago galtzak hetsi. Argalegia zala entzun izan dauela eta jaten hasi danaren papelean sartu zan: Lehenik hartu Big Mac bat, bat ta gero beste bi / pisuan gora ta gora hasi ta ezin geldi / o(r)ai galtzak ezin lotuz duda sartu zait neri / ez al ditudan erosten sobera tinkoegi, bota eban lehen bertsoan. Mundu erdia dieta egiten dagoala nabarmenduz hasi eban bigarrena: Ta ez naiz ongi senditzen kilo hauen harira / hala ere jan eta gora nahi nuke tira / galtza haundiagoak erosi eta neurrira / ezin baikintezke bizi itxurari begira.
Libreko bertsoaldiek bertsolariak publikoarengandik hurreratzea ahalbidetu eben eta horrek ordurako beroa zan giroa leherrarazo eban. Azken agurren ondotik, Hodei Renteria gai-emoileak finalerdira 4koplasara taldea joango zala iragarri eban. Ondorioz, zemendiaren 2an Baionako Zizpa gaztetxean Hasta la 2toria eta 4koplasara lehiatuko dira.
Urriaren 12ko saioa be bezperakoaren pare joan zan, Xoko Ona ostatuko gelea txiki gelditu baitzan. 60 personatik gora agertu zan Ekainaz eta Kontrabanda taldeak entzutera. Saio hori be giro parebakoan jokatu zan, funtsean Xilaba joan dan moldean. Urriaren 12a izanik (Hispanidadearen Eguna) Ekainaz taldea guardia zibilez jantzirik makil kaska joko d(ug)u zonbait bizkar esanez hasi zan. Kontrabandeak multxoko bi galtzaileen guda / ongi etorri kontsolamendura abestu eban, saio bietan gailenduz euren multzotik Hasta la 2toria sailkatu dala gomutarazoz.
Lagunarteko lehia beroa, izan be, etxeko giroa sentidu eitekean eta giro goxo hori nabarmendu behar da, jenteak gozau ebala begibistakoa baita. Saio horrek gaurkotasuna izan eban ardatz, aldaketa klimatikoa, kantuagaz Knörren Mort pour la patrie edo Larrun mendiaren inguruko arazoa be hur izan eben trenean gora turistak begiratzen dituzten bi ahuntzak.
Umorea be presente izan zan, jakina. Ahuntzek umoretik kantau eben eta horretarako beste gairik be entzun zan, mozkorra dan amatxi aititagaz oheratu ordez, bilobeagaz oheratu zana kasu, edo zazpi aldiz gidabaimena huts egin dauenak zortzigarren aldiko inspektore bera egokitu jakonarena be. Eta holan doa Xilaba, behin betiko finalerdiko sailkapena Urruñako Berttolin jokatuko dan saioan erabagiko da.
Hurrengoa, Urruñan
Datorren astegoienean, ligaxken bosgarren saioa jokatuko da, bertso bazkari formatuan. Urriaren 20an, Urruñako Berttolinen, 13:00ean: Urruñago eta Ez Otoi Pentsa taldeak aurrez aurre.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!