VI. Musika Bizian Galdakaon urriaren 25ean eta 26an

Bizkaie! 2019-10-15 13:34   Musikea

Igaz 5.000 persona batu ziran.

Galdakaoko Andra Mari Jantza Taldeak atonduta, Estadurik bako herrialdeei eskainitako musika jaialdi bakarra da Musika Bizian, eta dagoeneko Europako, Amerikako eta Afrikako hogeita hamar talde baino gehiago izan urteotan; igaz 5.000 persona batu ziran.

Euskal ordezkaritzea, aurten 25. urteurrena beteten dauen Alboka talde beteranoaren eta Iñaki Ortiz de Villalba Betagarri taldearen sortzailea buru dan Modus Operandi ska-rock proiektuaren eskutik etorriko da. Kartela, Skipinnish eskoziarrek, Frisiako Baldrs Draumar taldeak eta Man Uharteko Mec Lir taldeak osotzen dabe.

Barikuan, urriaren 25ean, eta zapatuan, 26an, 21:00etatik aurrera egingo diran kontzertuakaz batera, musika eskaintzea ordu bi lehenago martxan jarriko dan kaleko animazinoagaz osotuko da. Barikuan Taberna Ibiltaria euskal taldearen eta Mec Lir taldearen eskutik etorriko da.

Zapatuan, Xistra de Coruxo gaita jotzaile galiziarra izango da protagionistetako bat.


Aurten nabarmentzekoa da Luthier Azokea, izan be, bultzadea emon jako; bertoko Osses (Otazu) Jotzen (Zeanuri), Katxarrismos (Portugalete), Sospalak (Lemoa), Jose Adarrak (Zumaia) eta Ezpela (Berriozar) artisauakaz batera, antolatzaileek indartu egin gura dabe ekimena eta erakusketea zabaldu dabe, lehen aldiz Sardiniako (Andrea Pisu eta Giancarlo Seu), Okzitaniako (Yan Cozian) eta Galiziako (Carlos do Viso) ordezkariak ekarriz. Zapatuko eguerdiko 12:00etatik aurrera edegiko dira luthierrentzat egokitutako postuak, eta bakotxak bere produktuak erakusteko aukerea izango dau, Iturrondo plazan egongo dan karpara hurreratuko diran guztien aurrean. Horrezaz gan, 10 minutu inguruko mini-kontzertuak emon ahal izango ditue, fabriketan dituen musika-tresnak joteko eta horreen soinu propioak erakusteko: Landetako kornamusa, Sardiniako klarinete hirukotxa edo zanfona, alboka, txalaparta, pandero, txistu, tanbo zein adar… batera, baita berrerabilitako materialagaz egindako musika-tresnak be. 

Kontuak kontu, jente guztiarentzako emonaldiak eta tailerrak eskainiko ditue zapatu goizean.

Ekimena Andra Mari Jantza Taldeak jarri eban abian 2014an, sei hamarkada luzez lanean dabilen taldeak, eta orain arteko edizino guztietan, Musika Bizianek bere izakereari eutsi deutso: irabazi asmorik bako folk/rock jaialdia, estadurik bako nazinoetako lehen mailako taldeak batzen dituana eta kaleko musikea edo familia guztiarentzako ekintzak buztartzen dituana.

Musika Bizianek hainbat nazinotako musikariak ekarri ditu: Galizia, Okzitania, Bretainia, Flandria, Korsika, Sardinia, Gales, Eskozia, Ipar Irlanda, Sahara eta Quebec. Euskal ordezkaritzea be beti egon da presente, besteak beste, Kherau, Korrontzi, Kepa Junkera, Gozategi, Anje Duhalde, Ze Esatek!, Huntza eta Hesian.

Bilboko Euskal Museoan izan da 2019ko Jaialdiaren aurkezpena eta bertan izan dira Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Sailako Diputadua; Iñigo Hernando, Galdakaoko Alkatea; Joxan Goikoetxea eta Alan Griffin musikariak; eta Jon Gomez Garai, Andra Mari Jantza Taldeko musikaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu