David Smith izango da Chillida Lekuko protagonistea udabarrian
2019-10-14 08:41 Kulturea2019-2020ko egitaraua aurkeztu dau Hernaniko museoak.
Lehenengo aldiz, Chillida Lekuk atea zabalduko deutso Eduardo Chillidaren sasoiko beste artista ezagun bati, David Smith amerikarrari (1906-1965) hain zuzen. Bere obrea espresionismo abstraktu amerikarraren parte dan arren, Europako artistakaz lotura estua izan eban Smithek, eta Chillida Lekuko erakusketan aurrez aurre jarriko ditue Chillida eta Smith. Nortasun handiko eskultoreak izan ziran biak.
Hori da Hernaniko Chillida Leku museoak 2019-2020 denporaldirako dakarren erakusketa nagusia, baina ez da proposamen bakarra. Mireia Massagué museoko zuzendariak, Nausica Sánchez hezkuntza atalekoak eta Luis Chillida fundazinoko presidenteak aurkeztu ditue udea bitarteko jarduera guztiak. Oraingoz, Eduardo Chillida. Oihartzunak erakusketea ikusi leiteke, eta martian hartuko deutso lekukoa David Smithen ingurukoak.
Chillida Leku publikoari barriro zabaldu eutsienetik pasau diran sei hileotan, 55.000 bat bisitari izan ditu. Jenteagaz konektetan segiduteko asmoz, egitarau oparoa atondu dabe hurrengo hileetarako. Zabalandi baserriko bigarren solairuan, Eduardo Chillidaren obrearen monografikoen gunean, Argiaren bila erakusketea zabalduko dabe zemendian. Chillidak Grezia, Italia eta Provenzara 1963an egin eban bidaian oinarritzen da.
Denporaldiko azken erakusketa handia The Shadow Belongs to Light arte-koadernoaren ingurukoa izango da, bagilean hasita. Louis Isadore Kahn eta Eduardo Chillida artisten argitalpena da: Chillidak arkitektuaren pentsamenduei formea emon eutsen bertan. Era horretako beste asko egin zituan, bere sasoiko poeta, filosofo eta artisten obren osogarri. Honako hau, baina, Chillida hil eta gero argitaratu dabe.
Horrezaz guztiagaz batera, 2019-2020 denporaldian, berbaldiak, mahai-inguruak, lantegiak eta abar egongo dira. Aitatzekoa da Chillida Unibersoa izeneko ziklo barria: Hilean behin, artistearen sormen mugabakoa azaltzeko berbaldiak emongo ditu Nausica Sánchez museoko hezkuntza arloko adituak. Bestelako berbaldiak be antolatuko ditue lantzean behin, Donostian eta inguruetan egiten diran hitzordu kulturalakaz bat eginaz, esaterako, Korner festibalagaz.
Chillidaren eskulturak beste arte adierazpide batzukaz hartu-emonetan ipinteko egitasmoaren barruan, Myriam Pérez Cazabón koreografoak gorputzaren eta eskulturen arteko loturea egingo dau, 6 eta 11 urte bitarteko umeentzako tailerrean. Nagore Legarreta argazkilariak, ostera, eskulturen argi ezkutua bilatuko dau teknika analogikoak erabilita.
Aurtengo denporaldiko beste proiektu esanguratsu bat da Eduardo Chillidaren katalogo arrazoituaren hirugarren liburukia argitaratzea. Ignacio Chillida eta Alberto Cobo dabiz berau atontzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!