Karlos del Olmo: 'Hizkuntzea da gure langaia, berbakaz olgetan dogu'.
2019-10-14 08:05 BarriketanSenez aldizkariko zuzendaria.
Senez aldizkariaren 35 urteak eta 50 zenbakiak ospatzen dago EIZIE, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Alkartea.
Aldizkaria sortzeko erabagia eta ekimena Martuteneko Itzultzaile Eskoleak hartu eban 1984an. Lau urte lehenago sortu eben Eskolea, eta euskal itzultzaileen erreferentziarik garrantzitsuenetakoa bihurtu zan. Elhuyar eta UZEI be partaide izan ziran aldizkariaren sorreran, nahitaezko erreferentziak horreek be
itzulpengintzan eta terminologian.
Urte batzuk geroago, 1987an etorri zan EIZIE, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Alkartea (EIZIE), irabazi-asmorik bakoa.
1.- Zorionak, Senez aldizkariaren 35 urteak eta 50 zenbakiak ospatzen zagoze. Zenbaki potoloak dira; zein da balorazinoa?
Eskerrik asko. Albiste pozgarria da Senezen estiloko aldizkari bat 50. zenbakira heltzea; 1984tik urteak dira, ibilbide luzea eta neketsua izan da baina talde handia gara eta gogo handiz, borondatez behar egiten daben danei esker ona adierazo behar deutset.
2.- Itzulpenak ardatz dituan aldizkaria da Senez. Zer topauko dau irakurleak 50. zenbakian?
Gauza asko. Bateren batzuk nabarmentzearren, azken urteotan beti izaten dogu atzerriko poesia itzulpenen atala; aurten jatorrizkoa eta itzulitakoa alkarren ondoan jarrita, Izet Sarajliç-en poemak dira, Jon Kortazarren berbaurreagaz. Itzulpena, barriz, Juan Cruz Igerabidek egin dau.
Betiko moduan, aldizkarian beti izaten dogu alkarrizketa bat eta orain Itziar Murgiondok egin deutse Idoia Santamaria eta Maialen Berasategiri; oinarrian, 1990 eta 2017 bitarteko narratiba-lanen itzultzaileen azterketea genero-ikuspegitik gradu amaierako lana dago.
Oraintsu erretiroa hartuta dagoan Ramon Etxezarretari neuk egindakoa be badago norberarena besterentzen eta besteena geureganatzen.
Claudia María Torralba Rubinosen ekarpena be ezin ahaztu: Ikusizko itzulpena euskara - gaztelania norabidean: hasibarri–aditu paradigmeari buruzko azterketa pilotu bat.
Xabier Olarra, Igela argitaletxeko arduradunaren gogoetak eta Miren Ibarluzearen Itzulpena gizarte-jarduera gisa Erromatar Garaian. Itzulpenaren teoriako testu klasiko bi berrirakurriz lana be topauko dau irakurleak eta beste hamaika lan interesgarri.
Urte asko joan dira, gauza asko egin doguz eta orain urte batzuk pentsauezina izango zan zuena lako bizkaera hutsean idatzitako hedabide digitala eta antzekoak egongo ziranik egun. Era berean, euskerearen normalizazino prozesuan itzultzaile, interprete eta zuzentzaileen lana be nabarmendu beharko geunke.
3.- Zelan eta zerk eraginda sortu zan Senez? Zeintzuk ziran eta dira helburuak?
Aldizkaria sortzeko erabagia eta ekimena Martuteneko Itzultzaile Eskoleak hartu eban, 1984. urtean. Martuteneko Eskolea, UZEI eta Elhuyar egozan hasierako fasean eta hirurek ekin eutsien argitaratzeari ardatz nagusi biren inguruan, itzulpengintzea eta terminologia bateratu beharra. Aldizkaria sortu zan sasoian EIZIE alkarterik ez egoan, Senez aldizkarian bertan argitaratutako inkesta bateko emoitzak gogoan, beharrizana baegoala ikusita sortu zan profesionalen alkartea 1987. urtean. Lau urte lehenago sortua zan Eskolea, eta euskal itzultzaileen erreferentziarik garrantzitsuenetako bat izan zan. Elhuyar eta UZEI alkarteak be partaide izan ziran aldizkariaren sorreran, nahitaezko erreferentziak horreek be itzulpengintzan eta terminologian.
Senez sortu zanean, ondokoak ziran helburuak: itzulpen lanetan ebizanei gogoeta batzuk eskaintzea; itzulpengintzearen eta terminologiaren arloetan ebizenei problemak eta ardurak plazaratzeko eta alkarren barri izateko gune bat izatea; kanpoko teorizazinoetatik baliogarri izan eitekean guztiaren barri emotea.
Urte hareetan nazioarteko itzulpengintzearen egoerea berezia zala eta, Senez ez zan oso ezaguna kanpoan; haren barri ebenak, ostera, zurtz eginda egozan, holako aldizkari batek egiten eban ekarpenagaitik; kontuan izan, munduan, itzulpenari buruzko gogoetak eta ereduak sistematizetan hasita egozala ordurako.
Azken buruan, Josu Zabaleta, Koldo Biguri, Gotzon Egia eta ni neu izan ditu Senezek orain arte zuzendari, erredakzino batzorde edo aholku talde bat lagun.
4.- Papeletik digitalera, azalaren indarra, ilustrazinoak, urtekari izateko erabagia...
Sasoian sasoikoa. 1985. urtean goitik behera aldatuta agertu zan aldizkaria, salto handia izan zan, alderdi grafikoan, berbarako, Juan Azpeitia marrazkilaria hortxe hasi zan eta gaur egun be geugaz dago.
1999. urtean, EIZIEren webgunea agertu zanean, berehala hasi ginan Senezeko artikuluak digitalizetako aukerea aztertzen eta indarrean jarten. Alkartearen webgunea lehenengoz zabaldu eta urtebetera etorri zan bersino digitala.
Senez zabalkunde txikiko aldizkari handi bat izan da orain arte, holakoa izateko jaio baitzan. Aldizkari profesional ona dala uste dogu, eta behar dan eremu guztietara ondo heltzen dala (itzultzaileak, esparru akademikoak, liburutegiak, sarea...).
Ganerakoan, aldizkariaren ibilbidean erabagiak hartzen joan gara. 1992an, aldizkaria urtekari bihurtzea erabaki eban EIZIEk. Euskal itzultzaileon lanbidean ondo errotutako aldizkari profesional sendoa bihurtu zan Senez, eta gogoeta-gune eta plaza barriak sortzen joan dira.
5.- EIZIE abiarazoteko be zeresana izan eban Senez aldizkariak. Zelakoa? Itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen topagunea ala zeozer gehiago da EIZIE?
Irabazi asmorik bako alkarte profesionala da baina legearen arabera, ezin dau alkargo edo holakorik barrubatu. Plaza zabala da hiru lanbide horreen arazo eta burukominei aurre egiteko. Dana dago sistematizauta, datutegi aberatsa, ikastaro zein tailerretarako deialdiak zein gaiagaz lotutako artikuluak irakurri daitekez bertan. Alkartea bera sortzeko ekimena Senez aldizkarian egindako proposamen baten inguruan oinarritu zan. Esangura horretan, 25 itzultzaile batu eta eurek osotu eben EIZIEko lehenengo kide taldea.
Urteak joan urteak etorri, bide luzea egin dau euskereak modernizazinoaren bidean, eta euskal itzulpengintzeak be salto ikaragarria egin dau: itzultzaileen prestakuntzan aurrerapen handiak izan dira eta Senez aldizkariak upealako eragina izan dau, itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen lanbidearen
etorkizunerako bidea argitzen. Oro har testugintzan dabizenentzako argibideak ekarri ditu.
6.- Itzulpenen munduan atal ugari dago, literarioa, administratiboa, kazetaritzakoa, berbaz berbakoa... Itzulitako testuari ez ei jako jatorrizkoaren usainik hartu behar baina ez da bape erraza hori...
Ez da erraza. Itzultzailea, interprete zein zuzentzailearen lana ikusezina izatea sano gatxa da baina helburua hori da, irakurleak ez dau igarri edo atzemon behar kolorerik. Itzultzaileak errespetua zor deutso jatorrizko egileari eta zeozelan morroi be bada, izan be, erantzukizun handia dago testu administratibo zein literatur arlokoetan; badakizu holakoetarako zinpeko itzultzaileak dagoz euren sinadureagaz bermatzen dabenak jatorrizkoari ez jakola esangurarik aldatu.
Hizkuntzea da gure langaia, berbakaz olgetan dogu eta badakigu ondo bat ala bestea erabili esangurea asko aldatzen dala eta estilo, egitura eta enparauek be zeresan handia dabela ahaztu barik.
7.- Eusko Jaurlaritzeak zinpeko itzultzaile nahiz interprete izateko habilitazino probetarako deia plazaratu dau oraintsu. Azterketa gogorrak ei dira...
Ez dakit, nik neuk lan eskarmentuari esker daukat eta ezin deutsut gauza handirik esan, beste hizkuntza batzuetan baino gogorragoak izango ete diran, ez dot uste. Erantzukizuna handia izanik maila bat egiaztatzea nahitaezkoa da eta ez bakarrik lege edo administrazino testuetan, baita banku zein bestelako
erakundeakaz egiten dozuzan kontratu eta enparauetan be. Edozelan be, kontuan hartu aukera bikaina dala ogibidean aurrera egiteko.
8.- Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna izan da oraintsu. Zertarako balio dabe holako egunek?
Gure mundua oso txikia da eta besterik ez bada geurea zabaltzeko, ezagutzera emoteko baliogarriak dira. Oso urrun joan barik, Europaren ezaugarrietako bat da hizkuntzen eta kulturen ugaritasuna eta horrek dakarren lana danetariko itzulpenak egin behar diralako. Itzulpengintzearen industria indar handikoa da, baita gurean be, badago lana datozen urteeterako.
9.- Atzera eginda, zein izango ete zan lehenengo euskal itzultzailea?
Ezagunenak Leizarraga eta Bibliaren inguruan ibili ziranak. Refranes y sentencias be hor dago eta itzultzaile eredu modernoagoak be bai, jakina. Koldo Mitxelenak eta esaten eben Euskerea eta alboko hizkuntzak alkar elikatu zirala, hartu eta emon izan dabela; Donemiliagako Glosak, Errioxako Yuson, San Millaneko Monastegian agertutako euskeraz idatzitako lehenengo berbak: Izioqui dugu guec ajutu ez dugu be ez doguz ahaztuko eta argi dago euskaldun baten bitartez baino ezin zirala ulertu eta zabaldu.
Oso oker ez banago, EIZIE-n 347 gara izena emonda gagozan itzultzaileak, zuzentzaileak dozena bi edo eta interpreteak hogeita hamar bat. Alkartetik kanpo gehiago be badira baina dana beharrean gagoz.
10.- Urriaren 16an, ospakizun-ekitaldia egingo dozue Donostian. Zer atondu dozue?
Senez 50. zenbakira heltzea 35 urteko ibilbide aberatsa eginez ospatzeko nahikoa motibo da eta, horregaitik, lagunarteko ospakizun edegi bat antolatu dogu; urriaren 16an izango da, 19:00etan, Donostiako Victoria Eugenia Clubean. Doban izango da leku guztiak bete arte. Bertan zuzeneko parte-hartzeak eta bideo
batean grabautako lagunenak izango ditugu, baita musikea zuzenean eta kopaua lagunartean be.
Lagun asko gonbidau ditugu euren gogoetak egin deiezan, asmoa izanik danon arteko begirada poliedriko bat osotzea Senezi hainbat ertzetatik begituz. Sorreraz egingo dogu berba, aldizkariaren ibilbideaz, diseinuaz, akademian be dauen garrantziaz, ikasketa eta ikerketarako ehuntzen joan dan ondareaz,
eraginaz eta etorkizunaz... Eta, gainera, Anjel Lertxundi Esnal izango dogu gonbidatu berezi.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!