Berri Txarrak gaztetxe eta areto txikietan ibiliko da urrian

Bizkaie! 2019-10-11 13:40   Musikea

Zazpi kontzertu emongo ditue hilaren 18tik 27ra.

Aldi baterako etenaren aurretik, Ikusi Arte Tour bira luze-luzea egiten dabil Berri Txarrak talde nafarra, Euskal Herrian zein atzerrian. Munduko txoko urrunak bisitau ditue, eta Euskal Herrian milazak lagunen aurrean jo dabe. Baina hurrengo zazpi emonaldiak formatu txikikoak izango dirala iragarri dabe.

Urriaren 18tik 27ra, bira luze horren barruan, zazpi kontzertu joko ditue Euskal Herriko beste horrenbeste lekutan. Aukeratutako lekuak areto txikiak eta gaztetxeak dira. Amurrioko Burubio Kultur Alkartean izango da lehenengo hitzordua, 18an, eta biharamunean Baionako Zizpa Gaztetxean joko dabe. Aste horretakoak bribiltzeko, Elorrioko Gaztetxean izango da Berri Txarrak, 20an.

Urriaren 24tik 27ra izango dira beste lau kontzertuak, hurrenkera honetan: Getxoko Muxikebarrin, Bermeoko Kafe Antzokian, Hernaniko Oialume Biltokian eta Larragako La Lagunan. Danetara, hamar egunean zazpi kontzertu eukiko ditu birearen fase honek.

Sarrerak urriaren 13an, domekan, ipiniko ditue salgai, 19:00etan. Amurrioko, Baionako eta Elorrioko kontzertuetarako, lekuan bertan baino ezin izango dira erosi, persona bakotxak bi gehienez. Ganerako emonaldietako sarrerak online be eskuratu ahal izango dira (hemen), eta erosle bakotxak lau hartu ahal izango ditu gehienez.

Musikariek eurek azaldu dabenez, Ikusi Arte Tour birearen barruko Beude azpibirea egin ebenean, udabarrian, leku batzuk zerrendatik kanpo geratu ziran. Urtea amaitu baino lehen joan nahi dabe udabarriko biran bisitau ez zituen lekuetara, eta horregaitik atondu dabe urri amaierako kontzertu sorta hori.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu