Ekhiñe Zapiainek eta Josu Sanjurjok irabazi dabe Bertsokabiko 2. kanporaketea

Bizkaie! 2019-10-11 11:54   Bertsolaritzea

Bart izan da saioa Zabaldi Alkartasunaren Etxean (Nabarreria kalean).







2019ko Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketearen lehen saioan Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi nagusitu eta beraz, urriaren 24ko finalerako sailkatu ziran. Bart jokatutako bigarren kanporaketan, barriz, Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo bikoteak irabazi eban, Ekain Alegre eta Iker Gorosterrazu, Mikel Lasarte eta Sarai Robles bikoteen aurretik. Bikote irabazlea zuzenean sailkatu da finalerako. Hirugarren kanporaketea, finaleko azken bikotea zehaztuko dauena, urriarenk 17an izango da, Mendillorriko Antzara gunean.

Bikoteka banatu ditue saioan zehar egin beharreko lanak. Lehenengo, gaia emonda, ofiziotan ibili dira sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastauta. Segidillearen txandan, minutu bateko bina txanda osotu ditue Iker Gorosterrazuk, Mikel Lasartek eta Josu Sanjurjok, erritmo bizian. ‘Bat, bi, hiru’ jokoaren tartean, A-z hasitako Nafarroako herriak, euskal musika taldeak eta barazkaik zerrendatzen ibili dira puntuka hiru bikoteak, hurranez hurran.

Olgeta horren ostean heldu da bakarkako ariketea, Ekain Alegrek, Sarai Roblesek eta Ekhiñe Zapiainek bete dabena, oinak emanda habanera bana osotuz. Horren ostean, saioari amaierea emoteko, koplaka ibili dira hiru bikoteak, egoerea emonda. Amaieran, behin publikoaren eta epaileen eretxiak batuta, jakinarazo dau aurkezleak saioko bikote irabazlea.

Danetara, 16 eta 30 urte arteko hamezortzi bertsolari dabiz sariketan, bikoteka. Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jentaurrean kantetako aukerea emoteaz gan, Iruñerriko publikoa bertsozaletzeko asmoa dau sariketeak, bertsoa uriburuko eremu informaletara eroanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zanaren figureari gorazarre egin nahi deutso Nafarroako Bertsozale Alkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzearen eta euskalgintzearen alor ugaritan ibili zan Arraiza, besteak beste, Nafarroako Bertsozale Alkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zan urteetan.


Sariketak, bertsolari gazteentzako akuilu

2017an abiatu eban Nafarroako Bertsozale Alkarteak Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketea, Iruñeko Udalaren eta Euskokultur Fundazinoaren laguntzinoagaz. Orduko erantzun bikainak hauspotuta dator sariketearen bigarren aldia.

Egun, Nafarroako Bertsolari Txapelketea eta Bardoak taldekako bertso ekimenagaz batera, bertsolari gazte eta hasibarrientzako sariketak dira Nafarroako Bertsozale Alkartearen sustapen arloko egitasmo nagusiak. Txandaka, sariketa nagusi bi izaten dira: Izeta Sariketea (Mariano Izetaren omenez, Elizondon), eta Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketea, orain urte bi hasitakoa.

Sariketak akuilu dira herrialdeko bertsolari gazteentzat, euren bertsogintzan sakontzeko eta publiko aurrean trebatzeko aukerea emoten deutsen neurrian. Aurrerago Nafarroan plazarik plaza ibilitako bertsolari askok emon zituen lehen pausuak gazteentzako bertso sariketetan.


3. Kanporaketea urriaren 17an jokatuko da, 19:00etan, Antzaran (Mendillorri):

Ondoko bikoteek kantauko dabe:

  • • Mikel Lasarte-Sarai Robles.

  • • Endika Legarra-Joanes Illarregi.

  • • Etxahun Azkarraga-Patxi Castillo.


II. Bertsokabiko finala:

Urriaren 24an, eguenean, 18:30ean, Herriko Tabernan.

Ondoko bikoteek kantauko dabe:

  • Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi (I. kanporaketako irabazleak).

  • Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo (2. kanporaketako irabazleak).

  • 3.kanporaketako irabazleak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu