Bizkaiko bertsolari gazteentzako ikastaroa emongo dau Onintza Enbeitak
2019-10-11 11:12 BertsolaritzeaBertso eskolan ikasitakoan sakontzen lagunduko deutse Bizkaiko txapeldunak.
Urritik maiatzera, hilean behin, 17 eta 23 urte bitarteko gazte bertsolarientzako sakontze-eskolea egingo dabe Bilbon, Onintza Enbeita 2018ko Bizkaiko txapelduna gidari dala. Bina orduko zortzi saiotan, bertsogintzearen inguruko hainbat alor jorratuko ditue. Enbeitagaz batera, beste aditu batzuek be hartuko dabe parte.
Besteak beste, honako gaiak landuko ditue: oholtzara igoteko bildurra, erosotasuna, ahotsaren mugak, esan gura dogunera zelan hurreratu, librean zelan kantau, umorea eta gaitegia. Hau da, plazetan hasten dabizan gazteak arduratzen dituen arloak, oholtzan eskarmentu luzea dabenen eskutik azalduak. Ohiko bertso eskoletan ikasten dabena oinarri, gehiago sakontzeko aukerea da neska-mutilentzat.
Izena emoteko epea urriaren 11tik 16ra egongo da zabalik. On-line egin behar da eskabidea, hemen. 1996 eta 2002 urteen artean jaiotakoak onartuko ditue, eta apuntetako momentuko hurrenkerea erabiliko dabe parte-hartzaileak aukeratzeko. Genero eta lurraldetasuna be kontuan hartuko ditue.
50 euro balio dau ikastaroak. Bizkaiko Bertsozale Alkarteak azaldu dauenez, klase guztietara doazanei hori diru guztiori bueltauko deutsie amaieran. 18:00etatik 20:00etara izango dira zortzi saioak, urriaren 24an hasita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!