Bertoko ardaogintzea babesteko neurriak hartuko ditue

Bizkaie! 2019-10-11 08:27   Jan edanak

Ardoa izeneko laguntzino-bulegoa martxan egongo da urtea amaitu baino lehen.

Jaurlaritzako eta ardaogintzako ordezkariak, batzarrean (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donald Trump AEBetako presidenteak bere herrialdeko produkzinoa babesteko iragarri dituan zergek eta Brexitak ekarri leikezan ondorioek ardurea eragin dabe ardaogintzearen sektorean, batez be Arabako Errioxan, EAEko produkzino gehiena eskualde horretatik datorrelako. Hori dala eta, sektoreko ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak batzarra egin dabe.

Ardoa Basque Wine Office, Euskadiko mahastizaintzearen eta ardaogintzaren sektorearen bikaintasunerako laguntzino-bulegoa sortzeko lanean erritmoa bizkortu dabela iragarri dau Tapiak. Urte amaierarako prest izan nahi dau erakunde barria. Bulegoaren zeregina izango da Arabako Errioxako eta txakolinaren hiru izendapenetako bodegek merkaduan dituen estrategiak sendotzea.

Euskal bodegen berezitasunaren eta kalidadearen aldeko apustua egingo dabe, beste lurralde batzuetako produktuen aurrean. Lau arlotan banatuko da Ardoa bulegoaren jarduna: aholkularitza tekniko eta enpresariala; prestakuntzea, barrikuntzea eta ikerketea; nazinoartekotzea; eta finantzaketea.

Bestelako neurriak be hartuko ditu Eusko Jaurlaritzeak bertoko ardaogintzea babesteko. Esate baterako, txakolina Estadu Batuetako merkaduan sustatzeko estrategia barriak martxan ipiniko ditue, 700.000 euroko inbertsinoa eginaz. Horri esker, muga-zergek eragin leikien kaltea txikitu nahi dabe.

Bide batez, barruko merkaduan be kokatu nahi ditue ardaoak eta txakolinak, hau da, euskal merkaduan gehiago saltzea. Muga-zergarik ez daukien beste merkadu batzuk be bilatuko ditue: Suedia, Norvegia, Suitza... eta urrunago be bai (Kanadan eta Asian), azkenaldion sinatu diran merkataritza hitzarmenak aprobetxauta.

Nazinoarteko azoka gehiagotan aurkeztuko ditue euskal ardaoak. Orain artekoez gan, Hong Kong, Singapur eta Bartzelonako hitzorduak daukiez begiz jota. Ardaogintzako eta gastronomiaren sektoreko profesionalen eta nazinoarteko erosle estrategikoen artean networking foroa egingo dabe EAEn, urte birik behin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu