Bigarren Ohorezko Mikeldia Claire Simon frantziarrarentzat

Bizkaie! 2019-10-10 11:25   Zinemea

61. Zinebik zinemagileak errodau barri dauen Le Village serie dokumentalaren Estaduko aurkezpena jasoko dau.

61. Zinebi, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak Claire Simon zinemagile frantsesari emongo deutso Ohorezko bigarren Mikeldia, Europako Zinema Garaikidearen lengoaia eta narrazino formak barriztetako egin dauen apustua aintzatetsiz. Horrezaz gan, zinemagileak, bere jakinminei, sorkuntza prozesuei eta zinema garaikideari buruz dauen ikuspegiari buruzko masterclass-a –jentearentzat edegia– emongo dau.

Bilboko Institutu Frantsesaren lankidetzeagaz, 61. Zinebik zinemagileak errodau barri dauen Le Village serie dokumentalaren Estaduko aurkezpena jasoko dau. Zinemearen eta nekazaritzearen arteko lotureari eta sektore biek gehien maite dabena, ardaoa eta filmak, produziduteko eta banatzeko merkatuaren legeak gainditu behar dituen moduari buruzkoa da.

61. Zinebi zemendiaren 8tik 15era izango da eta saria, Arriaga Antzokiaren agertoki nagusian, 20:00etatik aurrera, egingo dan inaugurazino ekitaldian emongo jako Simon frantziarrari.


Claire Simon (Londres, 1955)

Etnologia ikasketak egin eta arabiera eta bereberera ikasi ondoren, Claire Simon antzezle, argazkilari, gidoilari, muntatzaile eta zinemagileak modu autodidaktan hasi eban zinema ibilbidea. Lehenengo film laburra Madeleine (1976) izan zan, eta haren ondoren Tandis que j’agonise (1980) eta Moi, non où l’argent de Patricia (1981) etorri ziran. Denpora gitxira, zinema zuzena izenekoaren jardunbidea ikasi ebann Jean Rouch-ek sortutako Varan tailerretan, eta zenbait film luze dokumental zuzendu zituan, horreen artean, Les patients (1989), Coûte que coûte (1995) eta Recréations (1998). Lan horreekaz makinatxu bat sari irabazi zituan nazinoarteko hainbat zinemalditan.

Sinon, oui (1997) fikzinoko lehenengo film luzea Canneseko Zinemaldiko Quinzaine des Realisateurs atalean proiektau eben. Dokumentalaren eta fikzinoaren artekoa dan hurrengo lana, Ça c’est vraiement toi (2000), Europako Parlamentuaren barruan filmau eta Belforteko (Frantzia) Nazinoarteko Entrevues Zinema Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi eban. Zinema dokumentalera bueltau zan 800 kms de différence /Romance (2000) eta Mimi (2003) lanakaz eta biak Berlinalen aurkeztu zituan.

Ça brûle (2006) fikzinoko bigarren film luzeak be Canneseko Quinzaine-an hartu eban parte, barriro be dokumentalaren eta fikzinoaren arteko lanetara itzuliz, 2008an, Les bureaux de Dieu zuzendu eban, eta lan horregaz barriro hartu eban parte Quinzaine-an. 2008 eta 2013 artean asmo handiko fikzinoko proiektuan hartu eban parte, Geographie humaine eta Gare du Nord lanek osotutako diptikoan, hain zuzen be.

2014an, Frantziako Officier des Arts et des Lettres izentau eben, eta Le concours film luze dokumentala egin eban. Horren argumentuaren oinarria, berak irakasle lez lan egin eban La Femis ikus-entzunezko prestakuntza zentro ospetsuan ikasle sartzeko hautagaien aukeraketa probak dira. Filmak Veneziako Nazinoarteko Zinemaldiko Dokumental Onenaren Saria irabazi eban urte berean, eta ZINEBIren 58. edizinoko lehiaketatik kanpoko Beautiful Docs sekzinoan be hartu eban parte.

2018an, Berlinaleko 68. edizinoko Forum sekzinoan estreinaueben Premières solicitudes dokumentala egin eban, gaur egungo nerabeei jagokezan ohiko lekuak eta klixeak zalantzan jarten dituan erretratu dibertigarri eta maltzurra. Haren filmografiak, oro har, oso estilo eklektikoa eta hibridoa dau, eta nabarmen erakusten dau zinmae genero desbardinen arteko forma aldeko edozein oztopo mueta gainditu beharra.

Aurten, ordu erdiko 18 kapituluk osotzen daben Le village serie dokumentala egiteko lanak amaitu ditu. Zinema dokumentalaren eta nekazaritzearen arteko lotureari buruzko suspense filma da, Frantziako Ardèche lurraldeko herri txiki batean girotutakoa. Mahastizainak eta zinema dokumental banatzaileak merkatuaren legeen kontra dabiz, maite dabena egiteko eta saltzeko: mahatsondoak, ardaoa eta filmak. Bilboko Institutu Frantsesaren lankidetzeagaz, 61. Zinebik seriearen Estaduko aurkezpena jasoko dau. Hori guztia, Jaialdiaren lehenengo astegoienean izango da Bilboko Arte Eder Museoan.


Márta Mészáros (Kispest, Hungaria, 1931)

Mészáros hungariarrak hartuko dau Ohorezko Mikeldia, zinema garaikideari edi deutson ekarpena eta bardintasunaren alde izandako indar artistikoa autortuz.

1967an, Hungarian film luze bat errodau eban lehenengo emakumeak, zineman egin dauen lan zabalaren ezaugarri nagusia emakumeakanako erakutsitako etenbako interesa izan da, emakumearen errealidade desbardinetatik, alabea, ama, emaztea, langilea, adiskidea eta maitale legez, haren kamerearen bitartez, euren buruak eta inguratzen dituen mundua ulertzeko egunero egiten eben esfortzua eta borondatea jasoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu