'Palestine 36' (2025) filmak inaugurauko dau Donostiako Giza Eskubideen 23. Zinemaldia

Bizkaie! 2026-04-22 07:45   Zinemea

2019ko Zinemaldiko Saria irabazi eban Annemarie Jacir zinemagile palestinarrak zuzendutakoa da filma.

'Palestine 36' (2025). | Ikusi handiago | Argazki originala

Udaleko Giza Eskubideen arloak eta Donostia Kulturak atondutako zinemaldian zarratzeko, barriz, Max Walker-Silvermanek zuzendutako Rebuilding (2025) film estadubatuarrak aukeratu dabe apirilaren 30ean Victoria Eugenian, film luze eta laburren sariak banatuko diran galan.

Zinemaldia zarratzeko ekitaldian, Imanol Uribe zinemagileak bere ibilbide osoaren sari berezia jasoko dau.

Filmen proiekzinoak batez be Victoria Eugenia Antzokian izango dira. Emonaldi batzuk Antzoki Zaharrean egingo dira, besteak beste, Zinema eta Biktimologia III. Zikloan sartzen diran film biak. Tabakaleran lau film proiektauko dira, hiru Zinema eta Memoria zikloan eta laugarrena Euskadiko Filmategiak atondutako saio berezi batean. Aurten, danetara, 35 herrialdetako 46 film programau dira (27 film luze eta 19 film labur).

Hilaren 23tik 30era arteko zinema-programazinoa ia egunero osotuko da protagonista, zinemagile eta jorratutako gaietan adituak diran personen barriketaldiakaz.

Danetara, goizero 8 film eskainiko dira Antzoki Zaharrean, uriko ikastetxeetako lagunentzat. Edade-taldearen arabera aukeratutako filmak dira: Animalien eguberri magikoa (2024), Ipuinak lorategi magikotik (2025) eta Faisaien Irla (2025). Film horreekaz batera doazen gida didaktikoak Rita & Luca Filmsek, Pack Màgicek eta Ikertzek garatu ditue, hurranez hurran.

Aurten Giza Eskubideen Zinemaldian Asaari Bibangek Humor negra bakarrizketea eskainiko dau Antzoki Zaharren eta 4 erakusketa izango dira Donostia Kulturaren beste hainbeste gunetan.

Giza eskubideei buruzko Babes TÚ online jokoa be egingo da. Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak atonduta.

Amnesty Internationalek, Mugarik Gabeko Ekonomialariek eta BC3 – Basque Centre for Climate Changek atondutako gaurkotasun handiuko mahai-ingurua (La era Trump y sus consecuencias) apirilaren 22an izango da Victoria Eugeniako Club Aretoan.

Zinemaldiaren helburua da kalidadeko zinemearen bidez giza eskubideen defensearen eta urraketearen hainbat alderdiri buruzko hausnarketea, sensibilizazinoa eta eztabaidea bultzatzea, baita justizia eta ekidade sozialagaz konprometidutako herritartasun aktiboa sustatzen laguntzea be.

Zinemaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa dauka, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, eta Eusko Jaurlaritzearena, Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzearen bidez, baita GKEen eta hainbat erakunderen laguntzea bere, tartean ondokoena: Zehar, Unicef, Gehitu, Amnistia Internazionala, Acnur, SOS Arrazakeria eta FiSahara.

Kontuak komtu, sarrerak (5 €) apirilaren 17an jarri zituen salgai Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean.

Tabakalerako proiekzinoetarako sarrerak salgai dagoz 4,50 euroan bere leihatilan eta webgunean.

Dobako saioetarako gonbidapenak hilaren 17an jarri zituen publikoaren eskura, Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako leihatiletan eta DKren webgunean. Zinema eta Biktimologia III. Zikloko saio bietarako gonbidapenak be leku horreetan eskuratu daitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu