Urriak 13: ate edegien eguna Bilboko Euskal Museoan

Bizkaie! 2019-10-10 10:11   Kulturea

Jantza tradizionalak izango dira Aiko Taldearen eskutik.

Hurreratzen diranek jantza-tailerraz eta erromeriaz gozau ahal izango dabe 12:00etatik 13:30era. Egun berean, datorren ikasturteko eskaintzea aurkeztuko da. Euskal Museoko klaustroak aukerea emongo deutse interesa daben guztiei erromeria edegietan parte hartu deien. Hileko bigarren zapatuetan izango dira erromeriak, zemenditik maiatzera arte, 19:00etatik 21:00etara.

Bizkaiko Museoak Aiko Taldeagaz egin dauen akordioak jantza tradizionalak ezagutzera emoteko ekimena indartzen eta sendotzen dau. Sartzea doban izango da, ateak edegiteko eguna dalako baina ikasturtean egingo diran erromerietara sartzeko, 1 €-ko sarrerea ordaindu beharko da.

Euskal Museoak aurrera jarraituko dau ikasturte honetan, euskal kulturea ezagutzera emoteko lanagaz eta, esangura horretan, urriaren 13an, ateak zabalduko ditu euskal jantza tradizionalak ikasi eta ezagutu nahi daben persona guztientzako eta erromeria bat eskainiko dau Aiko Taldeagaz. Jantzan egiteko estilo tradizionala sustatzen eta balioesten dauen musikarien eta jantza-maisuen taldea da Aiko. Goizeko 12:00etatik 13:30era, aukera ederra izango da Museoko klaustroan jantza tradizionalagaz trebatzeko, ikasteko oinarri legez erraztasuna eta naturaltasuna bateratzen dituan metodo baten bidez.

Egun horretan, jantza-tailer bat egin ahal izango da, Mikeldi eskulturearen ondoan. Aiko Taldeak erakusteko dauen metodo bereziaren jaube izango gara, era naturalean, gradualean eta atseginean jantzan egiten ikastea proponiduta. Beroketa horren ondoren, jantzaldi erromeria izango da Aiko Taldeko musikariakaz: Sabin Bikandi (txistua eta tanbolina), Álvaro García (gitarra), Txus Aranburu (akordeoia) eta Amaiur Cajaraville (kontrabaxua), eta Patxi Laborda jantza-maisuaren zuzendaritzapean.


Erromeriak, hileko bigarren zapatuetan

Euskal Museoko klaustroak aukerea emongo deutse interesa daben guztiei, erromeria edegietan parte hartzeko. Hileko bigarren zapatuetan izango dira, urritik bagilera, 19:00etan. Ekimen honegaz, Bizkaiko instituzioak turistak eta museoko aldizkako bisitariak be erakarri nahi ditu, eta aukerea eskaini euskal kulturearen erakusgarrian parte hartzeko, Aiko Taldeagaz.

Jardueran parte hartu nahi dutenak Gurutze kaletik sartuko dira Euskal Museoko klaustrora, 1 €-ko sarrerea ordainduta. Urriaren 13an (domekan) ate edegien eguna izateaz gan, ondoko zapatuetan erromeria egingo da Aiko taldeagaz: zemendiaren 9an, abenduaren 7an, urtarrilaren 11n, zezeilaren 8an, martiaren 14an eta maiatzaren 9an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu