Jantzaldi Ibiltaria ikastaroa urritik bagilera Aiko Taldeagaz
2019-10-08 10:10 KultureaUrria, euskal jantzetarako ate edegiko hilea.
Euskal Herriko jantza tradizionala zabaltzeaz arduratzen dan musikari eta jantza maisuz osotutako Aiko Taldea kolektiboak euskal kulturearen onenaz gozetan gonbidetan ditu hile honetan, jantzan egiten ikasiz. Urri osoan, Aiko-k bere klaseetako ateak edegiko ditu, jantza tradizionalaz zuzenean gozau gura daben personek Jantzaldi Ibiltariko irakaskuntza metodoa ezelako konpromiso barik gozau deien. Azken hamarkadan 4.000 persona baino gehiagok ikasi dabe ikasketa natural eredu horregaz.
Urrian, jantza tradizionalaren zaletu guztiak kolektiboak astero Bilbon, Donostian, Durangon, Gernika-Lumon, Galdakaon, Markina-Xemeinen, Lekeition eta Bermeon antolatzen dituan tailerretako edozein saiora hurreratu ahal izango dira. Hile honetan joatea guztiz librea izango da, eta, holan, interesauta dagozan guztiak gura daben klase guztietara joan ahal izango dira, edozein maila (oinarrizkoa edo aurreratua), ordutegi edo udalerritan. Aukerak webgunean edo 634 423 539 telefono zenbakira deituz konsultau daitekez.
Gainera, euskal jantzarako hurreraketea errazagoa izan daiten, ez da ezelako izen emoterik edo plaza erreserbarik egin beharko bertara joateko. Nahikoa izango da jantzan egiteko gogoz hurreratzea, Aiko Taldearen filosofian ohikoa danez, ekimenak musikea eta jantza tradizionalak zabaltzeko apustua ez eze, gozamena be bultzatzen dau. Eta esperientzia bereziagoa izan daiten, BBK Fundazinoaren laguntzinoa dauen kolektiboak agertoki berezietan egiten ditu tailerrak, Bilboko Campos Elíseos antzokian, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Durangoko Plateruenan edo Bermeoko Kafe Antzokian, besteak beste.
Jantzakaz lehen hartu-emonak izateko aukera horren ondoren, bagilera arte klaseakaz jarraitu gura izan ezkero matrikulea egin ahal izango dabe gurago daben lekuan, dobako saioak beste leku batean egin baditue ere. Guztietan, ikastaroak maila bitan emoten dira: hasierea eta hobekuntzea.
Parte-hartzaile bakotxak bere maileagaz bat datorren taldean izena emoteko aukerea izango dau, holan, lehenengo pausuak emon nahi dituen zaletuek Oinarrizko Jantza Ikastaroetan (jantza tradizionalean hasteko ikastaroetan) parte hartu leikie. Bertan, dibertimendua helburu dauen ikasketa-prozesu xume baten bidez, Aiko Taldeak jantza tradizionalaren errepertorio-aukerak erakutsiko deutsee ikasleei. Saio horreetan, jantzeagaz batera, gorputz-koordinazinoa eta koordinazino erritmiko-musikala hobetzeko jarduerak lantzen dira, soka-jantzea, jotea, porrua, balsea, mazurkea, txotisa, pasodoblea, polkea, kontrajantzea, kontrapasea eta bestelakoak buztartzen dituan jantza-errepertorio aberatsari aplikauta. Oinarrizko ezagutzak dituenei, Aiko Taldeak zaletasuna maila bereko jantzazaleakaz konpartiduteko aukerea eskaintzen deutse ‘Jantzaguneak’ jantzan egiteko esparruetan, jantza-irakasle baten gidaritzapean errepertorioa praktikau eta aberastu deien.
Jantza tradizionala balioan jartea
Ikastaro egonkorren, tailerren, mintegien eta erromerien bitartez, Jantzaldi Ibiltaria alternatiba erakargarria eta naturala da, jantzan hasteko eta gure jantzen errepertorio zabalagaz gozetako. Ekimen horren bitartez, Aiko-k indartu egiten dau musikea eta jantza tradizionalak zabaltzeko eta konpartiduteko, baita gozetako, apustua. Helburua, sozializazino, topaketa eta komunikazino gune garrantzitsu izaten jarraitzea da, jantzak konpartiduteko lekua, izan be, jantzak, euskereagaz batera, Euskal Herriko kultur eta nortasun sinu garrantzitsuenetakoa dira.
Prestakuntza eta dibersinoa buztartuz, programa honen barruan, asteroko jantza klaseez gan, hurrengo hileotan hainbat lekutan egingo diren tailer ibiltari eta monografikoak, erromeriak eta musika eta jantza tradizionalari eskainitako asteburuak be jasoten dira, jantzan egiteko eta ondo pasetako helburu bikotxagaz.
Hamarkada bat baino gehiagoko ibilbidea
Orain hamaika urte sortu zan AIKO Taldearen ezaugarri nagusietakoa, jantza tradizionalak erakutsi, balorau eta gozetako orduan dakarren estilo barria. Denpora honetan guztian, 4.000 persona baino gehiagok hartu dute parte taldeak Euskal Herri osoan antolatutako ehunka ikastaro, tailer zein erromeriatan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!