Euskerearen aldeko hizkuntza politikak adostasunean oinarritzeko deia egin dabe
2019-10-10 08:33 Euskerea berbagaiEuskaraldiaren bigarren edizinoa eta arlo sozioekonomikoan euskerea zabaltzeko plana jorratu ditu Euskerearen Aholku Batzordeak.
Euskerea normalizetako politikak koordinetea helburu dauen Euskerearen Aholku Batzordeak batzarra egin dau Bilbon, Artxibo Historikoaren egoitzan. Iñigo Urkullu Lehendakaria buru, kulturearen, politikearen, komunikabideen eta hezkuntzearen arloko hainbat lagun batu dira. Urkulluk nabarmendu dau Aholku Batzordea adostasunerako tresnea dala: Sarri esaten da euskerea bidegurutzean dagoala. Adostasunak izan behar dau, bidegurutze honetatik aurrera be, euskerearen aldeko politiken oinarria.
Gaurkotasun handiko gaiak aztertu ditue Aholku Batzordearen batzarrean. Esate baterako, Arlo Sozioekonomikorako Euskerearen Plan Estrategikoaz egin dabe berba, normalizazinoan sakontzeko ezinbestekoa izango dalako. Iñigo Urkulluk zer adierazo dau: Ahalegin handia egin da belaunaldi barriak euskalduntzeko. Badira urte batzuk belaunaldi horreek lan-mundura heltzen hasi dirala. Orain, beraz, bidea emon behar deutsegu lan-jarduerea euskeraz egin ahal izan deien.
Bestetik, Euskaraldiaren bigarren edizinoa eta helduen euskalduntzean sakontzeko bideak jorratu ditue, euskaltegiak doban izateko aukerea baztertu barik. Genero eta hizkuntza bardintasuna eta ingurune digitalaren euskalduntzea be mahai ganean egon dira.
Eguneko gai zerrendan, batzorde-ataletako lanak be aitatu ditue: Ingurune Digitalak; Gazteak; Toponimia; eta Terminologia.
Eusko Jaurlaritzako sail eta erakunde batzuetako ordezkariez gan (Ogasuna eta Ekonomia, Kulturea eta Hizkuntza Politikea, Hezkuntzea, HABE, EITB, IVAP/HAEE), Euskerearen Aholku Batzordean EAEko hiru foru-aldundiak, Euskaltzaindia, Eudel, hizkuntza-arloko 39 aditu eta Eusko Legebiltzarrak proponidutako 5 kide dagoz. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren arabera, adostasuna funtsezkoa izan da gagozan lekura heltzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!