Bilboko hainbat lekutara helduko da BAD jaialdia

Dabi Piedra 2019-10-08 12:49   Kulturea

Urriaren 17tik 27ra, antzerki eta jantza garaikideko 21 konpainiak hartuko dabe parte.

Alboetan, Alicia Otxandategi eta Gonzalo Olabarria; erdian, Zirkozaurreko artista bi. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak antolatutako BAD jaialdiaren 21. edizinoa urriaren 17an hasiko da, eta, 27ra arte, bertoko eta kanpoko makina bat artista ikusi ahal izango dira. Uriko txoko ugari hartuko ditu egitarauak: La Fundición aretoa, Campos Elíseos Antzokia, Pabilioi 6, Bilborock eta Dantzertiren egoitzako agertokia. Sarrerak salgai dagoz gaurtik.

BADen euren lanak erakutsiko dituen 21 konpainien artean, barritasunak dira nagusi. Sei obra munduko estreinaldiak izango dira, eta Euskal Herrian ikusi bako lan ugari be badagoz. Nazinoarteko artista erreferentzialak dira Miguel Pereira, Igor & Moreno eta, batez be, Belgikatik etorriko dan tg Stan.

Konpainien ia erdiak bertokoak izango dira. Esate baterako, jaialdiaren lehenengo egunean BADek berak lagundutako ikuskizuna estreinauko dabe Legaleon T eta Kolektibo Monstrenko taldeek, La Fundiciónen. ¿Hay alguien ahí? antzezlana atondu dabe alkarlanean. Hilaren 18an, BADen beste produkzino propio bat estreinauko dabe, Germán Jauregi eta Antía Díazen eskutik, Rassemblement.

BilbaoEszenaren Artistak Egoitzan programeari esker sortutako hiru proiektu be aurkeztuko ditue BADen. NODE konpainia gipuzkoarraren PUGNA, Eguzki Zubia-La Dinamika artista bizkaitarraren 3er acto eta Zirkozaurren dabilen Gorka Pereiraren Tiempo. Egitaraua aurkezteko Bilbon egindako aurkezpenean, azken obra horren aurrerapena eskaini dabe Zirkozaurreko artistek.

Alicia Otxandategi BADeko zuzendariak gogora ekarri dauenez, ikusleentzako emonaldiak dira jaialdiaren ardatza, baina badagoz bestelako jarduera batzuk be, profesionalen topaleku be badalako BAD. Bilboko Burtsa udaltegian, artistentzako tailer bi antolatu ditue: lehenengoa, jantzarako argiztapenaren ingurukoa izango da; bigarrena, obretan nazinoarteko merkadurako gan-tituluak ipinteari buruzkoa.

Gonzalo Olabarria zinegotziak herritarrei dei egin deutse, BADen eskaintza zabal eta barritzaileaz disfrutau deien. Abangoardiako arte eszenikoen aldeko apustua hasiera-hasieratik egin dau BADek, eta, Olabarriaren ustez, horri esker erreferente da gaur egun Europan. Horrezaz gan, euskal konpainien inplikazinoa be ezinbestekoa dala azaldu dau, urterik urte bide barriak topetako ahaleginean ibilten diralako.

Zirkozaurre konpainiaren 'Tiempo'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu