Bilboko Antzerki eta Jantza Garaikide Jaialdia artista eta programatzaileen topaleku izango da
2019-09-25 11:01 KultureaXXI. BAD urriaren 17tik 29ra izango da.
Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdia-BAD 21, sektoreko profesionalentzako topaketa eta lan foro bilakatuko da aurten be.
Egun horreetan gonbidautako konpainiak, Europako beste jaialdi batzuetako programatzaileak eta Arte Eszenikoen alorreko mugaz gaindiko lankidetzarako Pyrenart proiektuko kide diran erakundeak batuko ditu. Horreentzat prestakuntza ekintzak eta topaketa eta eztabaida foroak programau dira, Jantzertin – Euskadiko Arte Dramatiko eta Jantza Goi Mailako Eskolan eta Burtsako Udaltegian, besteak beste.
Prestakuntza arloaren barruan, Burtsako Udaltegian egingo diran topaketa profesional bi jasoten dira. ATAEgaz–Arte Eszenikoen Teknikarien Alkarte Profesionalagaz antolatutako lehenengoa urriaren 17an izango da, 10:00etatik 14:00etara, eta jantzarako argiztapen diseinuan oinarrituko da. Prestakuntzea Lola Barrosok, 2018an, Furiosa Escandinavia lanari esker Eszena Argiztapen Diseinu Onenaren MAX SARIA jaso eban eszena argiztapen diseinugileak, emongo dau. Lola Barroso, antzerki, jantza, kontzertu, opera eta musikaletarako argiztapen diseinugile legez 15 urte baino gehiagoko esperientzia dauen ibilbide luzeko profesionala da.
Hurrengo egunean, urriaren 18an, nazinoarteko merkaturako gain-tituletako moduari buruzko prestakuntza ekintzea egingo da, arte eszenikoetako profesionalei zuzenduta. Jarduerea Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programearen barruan dagoan mugaz gaindiko lankidetzarako Pyrenart proiektuan sartzen da. Topaketan, azken urteetan ikuskizunak nazinoartera zabaltzeko egokiak diran soluzinoak bilatzeko tresnak eta teknologiak ezagutarazoko dira. Prestakuntza berezi horren helburua ikuskizunen gain-titulazinorako azken teknologiak ezagutarazotea da: sistema teknikoak, softwareak, ohiko arazoak, pantailen kokalekuak, ikusgaitasuna, eta hizkuntza batera baino gehiagora gain-tituletea, besteak beste. Jarduera bi horreetarako izena emoteko epea zabalik dago ATAEren posta helbide elektronikoaren bitartez (info@atae.org).
Prestakuntza eskaintza horrezaz gan, BADek, ADDEk–Euskal Herriko Jantza Profesionalen Alkarteak, atondu dauen lehenengo Jantza, Arte Dramatiko, Hezkuntza eta Ikerketa topaketea jasoko du urriaren 19an. Egun osoan egingo da Jantzertin, eta Arte Eszenikoetan profesionalek eta ikasleek eztabaidatu eta euren ikerketa teorikoak, aplikatuak eta performancekoak aurkeztuko ditue. Hiru mahai-ingurutan egituratuko dan jardunaldiaren ardatzak ondokoak izango dira: irakaskuntza ez arautua eta arte dramatikoa; jantzearen eta arte dramatikoaren hezkuntza eta ikerketa goi mailako arte irakaskuntzetan eta unibersidadeetan; eta sorkuntzea, banaketea eta programazino esperientzia profesionala. Topaketarako izena emotea dobakoa da, eta komenigarria da emotea, leku kopurua mugatua baita, ADDEren posta helbide elektronikoaren bitartez (info@addedantza.org), izena eta erakundea adierazota.
Egun horretan bertan, 17:30etik aurrera, Jantzertin jantzearen egungo jokerei buruzko berbaldi jantzatua programau da Toni Jodarren, sortzen eta ikusleak jantza garaikiderako atontzen espezializautako Explica Dansa proiektuko ibilbide luzeko profesionalaren, eskutik. Toni Jodarren kontakizuna bere ohiko formatuan aurkezten da, berbaldiaren eta ikuskizunaren artean, 70 minututan. Azken aldiko historiari eta egungo jokerei buruz egingo dau berba, bere esperientzia profesionalak markau dituen maisuak gogora ekarriz. Paradigma aldaketa horretan, jokera askok forma barrien fusinoari eta esperimentazinoari eta tradizinoen berrirakurketeari laguntzen deutse. Saioak BADeko sarreren ohiko prezioa izango dau, 10 euro txarteldegian eta 8 euro aurretik erosi ezkero.
Urriaren 21ean, BilbaoArtek jente guztiari edegitako jarduera hartuko dau. Manuel Fernández–Valdés zinemagile galiziarrak Angélica Liddelli eta sorkuntzearen eta bizitzearen arteko hartu-emon gorabeheratsuei buruz egin dauen Angélica [una tragedia] dokumentalaren proiekzinoa izango da. Liddell Europako emakume dramaturgo garrantzitsuenetakoa bilakatu da, bere barruko mina agirian ixten dauen antzerki autobiografikoagaz. Haren lan egiteko moduaren funtsean eta beragaz lan egiten daben persona danakan eragina dauen erabagia. Bakoitzak erabagi beharko dau bere ondoan noraino heltzeko prest dagoan. Filmaren proiekzino bi egongo dira, 17:00etan eta 19:00etan, sarrera libreagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!