Bilboko Udal Txistulari Bandeak 2019-2020 denporaldiko zehetasun guztiak aurkeztu ditu

Bizkaie! 2019-10-08 07:55   Musikea

Euskalduna Jauregian hamar kontzertu baino gehiago eskainiko ditu bandeak.

Bilboko udal txistulari Bandeak 2019-2020 ziklorako atondutako eta barritasun eta sorpresa ugariz datorren kontzertu denporaldi barria aurkeztu deu; beste batzuen artean euskal musikea, tradizionala, musika eta jantza ikuskizunak, kolaborazinoak profesionalakaz eta ohorezko gonbidatuak izango dira nagusi.

Txistulari bandeak, danetara, Euskalduna Jauregian egingo diran hamar kontzertu baino gehiago eskainiko ditu. Lehenengo kontzertua urriaren 10ean izango da; Garikoitz Mendizabal, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcíak, sasoia inaugurauko dabe folk musikako programa bategaz. Ekimena David Rivas-ek osotutako Pirineoen magalean izeneko estreinaldiko obreagaz hasiko da eta ondoren Euskal Herriko eta Zamorako beste 10 doinu tradizional entzungo dira. Lanok Daviden eta Juan Luis Roig maisuaren moldaketak eta instrumentazinoa izango dabe.

Topaketa horren ondoren, urriaren 21ean, Bilboko udal txistulari Bandea Nafarroako Musikako Goiko Konserbatorioko ikasleak diran Iker Larrauri, Jon Heras eta Maite Lomasekin bueltauko da eszenara. Nabarmentzekoa da, urriaren 28an, Bilboko Bandea Nafarroako Konserbatorioa bisitauko dauela aurretiaz hiriburu bizkaitarrean eskainitako ikuskizuna errepetiduteko.

Zemendiaren 14an eta 27an, bandeak Euskalduna Jauregian joko dau. Lehenengo kontzertua banda tradizionaleko taldean izango da, bigarrenean, ostera, ikus-entzuleek Araba Txistu Taldea gazte txistulari bandeagaz batera gozetako aukerea izango dau. Araba Txistu Bandea laukote klasikoa da eta 2017an sortu zan errepertorioan herrialdeko musikagile eta musikari leku zabala emoteko helburuagaz. José Luis Cantabrana, Iker Larrauri, Christian Alemany eta Gorka Sáez de Ibarrak osotutako taldeak ganbara musikea lantzen dau.

Ohikoa danez, urteari amaiera borobila emoteko, 2019a Gabonetako kontzertu berezia atondu dabe eta abenduaren 18an izango da Euskalduna Jauregian. Bandeak aurten Miren Bernaolak zuzendutako Bilbao Musikako Ahotsak abesbatzagaz batera esango deutso agur urteari. Ekitaldian, ganera, narratzaile berezi bat be izango da, programearen ardatz nagusi legez.

2020ko lehenengo hitzordu musikala urtarrilaren 8an izango da eta hor La Musgaña taldea lagun izango dabe. Ikuskizun horretan Andoni Aresti Jantza Eskolako ikasle eta Nagore de las Cuevas eta Arkaitz Pascuas jantzariek ikus-entzuleak zurtz eginda itxiko ditue koreografia ederrei esker.

Zezeilaren 5eko kontzertuan errepertorioa tradizional eta klasikoagoa izango da eta azkenik zezeilaren 19an, txistulariek, Leire Berasaluze eta Kristina Aranzabe abeslarien laguntzaz jardungo dabe. Kontzertu berezi honetan, publikoaren parte-hartzea funtsezkoada, helburua ikusleek euskal kantutegiko pieza ezagunak kantetea baita.

Denporaldia martiaren 2an amaituko da eta hori be berezia izango da. Txistulariek, harizko boskote bategaz, Javier Campos Martinezen lanak estreinauko ditue.


Bilboko Udal Txistulari Bandea


Bilboko Txistularien Bandako partaideak dira Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait kontzertu eskaini ondoren, Euskalduna Jauregiankontzertu-zikloa antolatzen hasi ziran eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen dau.

Bandeak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: Bilboko Udal Txistu Banda (2004); Alos Quartet Harizko Laukoteagaz Harizko Txistua (2006); Hala ere (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; Bihurrikeritan (2008); Kantari Gabonetan (2010) Leioako Kantika Koralagaz; Plazan (2014) erromerietako eta jantzaldietako musika-lanakaz; Xabier Zabalagaz Gogoeta eta azkena, X Urte, hamaika lagun (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu