Iraitz Lazkano da UEMAko lehendakari barria
2019-10-08 09:11 Euskerea berbagaiLegegintzaldi honetan salto kualitatiboa egin behar dala azpimarratu dau kargua hartzeko orduan.
Zuzendaritzea barritu dau UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak, Getarian astegoienean egindako batzarrean. Batzarkideek Elgetako alkate Iraitz Lazkano aukeratu dabe lehendakari, 2019-2023 agintaldirako. Orain arte karguan egondako Josu Labakaren lekukoa hartuko dau. Bermeoko alkate Aritz Abaroa izango da lehendakariorde. Zuzendaritzeak beste bederatzi kide be izango ditu.
Aurreko agintaldian, UEMA sendotzeko lan bikaina egin dala nabarmendu dau Lazkano lehendakari barriak, eta bide horretan sakonduko dau hurrengo lau urteotan: Sendo dagoan erakunde baten gidaritzea hartu dot, udalerri euskaldunen garrantzia lehen lerrora eroatea lortu dau UEMAk. Berak gidatutako zuzendaritza-taldearen zeregina, euskerearen normalizazinoan jauzi kualitatiboa egitea eta horretarako urrats sendoak emotea izango da. Ausardia, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dirala dino Lazkanok.
Zuzendaritzea aukeratzeko orduan egon dan adostasuna be txalotu dau lehendakari barriak. UEMAn parte hartzen daben alderdiek alkarregaz erabagi dabe 2019-2023ko legegintzaldirako zuzendaritzearen egiturea. EH Bilduko, EAJko eta talde independenteetako kideak dagoz zuzendaritzan. Kultura politiko ezbardinetakoak dagoz, azken batean, aurrera egingo badogu, alkarlana ezinbestekoa da. Alderdien artean, jakina. Baina baita erakunde publikoen, herritarren eta euskalgintzearen artean be, adierazo dau Lazkanok.
Hurrengo urteetan, UEMA handitzea izango da beste erronketako bat. Udal ugarik mankomunidadean sartzeko eskaria egin dabe, edo horretarako asmoa dabe. Hortaz, arnasguneak indartzeko aukerea emongo dau horrek. Gaur egun, UEMAk 86 udalerri hartzen ditu. Gehienak herri txikiak dira, baina danek batera 245.000 biztanle ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!