‘Adelina Mendez de la Torre. Maestra en Bilbao (1897-1937)’ liburua aurkeztu dabe
2019-10-07 08:02 KultureaAdelina Méndez de la Torre figura nabarmena izan zan Bilboko hezkuntzearen arloan.
Bilbao 700 Fundazinoak argitaratzen dauen Bilbogileak-Memoria bildumako liburuan XX. mendeko emakume nabarmen horren bizitza jasoten da. Adelina Méndez de la Torre. Maestra en Bilbao (1897-1937) liburuak irakasle baten bizimoduaren gorabeherak dakarz. Sasoi haretako hezkuntzeari eta, beraz, gizarteari, egindako ekarpena ezinbestekoa izan zan.
Adelina Méndez de la Torre figura nabarmena izan zan Bilboko hezkuntzearen arloan XX. mendearen lehen urteetan. 1897an Bilbon finkatu zan eta gogor ibili zan lehen hezkuntzea barritzen, arlo teorikoan eta praktikoan. Irakasle normalista modura eukan prestakuntza sendoaz gan, atzerrian be ikasi eta bekak lortu zituan Italia, Suitza eta Frantziako irakaskuntza zentro ospetsuetan. Europako beste herrialde batzuetako esperientzia barritzaileenak ezagutu eta Bilbora ekarri zituan Eskola Barriko idea pedagogikoak, psikopedagogia zientifikoarenak, paidologiarenak eta higienismoarenak. Beste alde batetik, Udalaren ekimenaren eta kudeaketearen garrantzia defendidu eban eskoleagaz lotutako gaietan.
Irakasle honek hobekuntzak sartu zituan eskolako praktikan eta irakaskuntzako materiala egin eban lehen hezkuntzarako. Era berean, Bilbon eragin handiko ekimenak bultzatu zituan hezkuntzearen arloan: eskulan hezigarria, eskoletako jantokiak eta udalekuak, helduen hezkuntzea eta Solokoetxeko Eskola Normalean ikasten eben irakaslegaien prestakuntza praktikoa. 1918an, Oñatin egindako Biltzarreko emakume hizlari bakarra izan zan.
Bertan, Euskal Herriko lehen hezkuntzako eskolarako irakaskuntza elebidunaren arlo nagusiak diseinau zituan, gaur egungo euskal curriculumari mende bat aurreratuz. Artikulugile nabarmena be izan zan, eta bere kredo pedagogikoa azaldu eban eguneroko prentsan eta hezkuntzan espezializautako aldizkarietan.
Liburuaren aurkezpenean izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Gonzalo Olabarria Kulturako zinegotzia eta liburuaren egileak, Karmele Pérez Urraza, Gurutze Ezkurdia Arteaga eta Begoña Bilbao.
Bilboko alkateak ondokoa nabarmendu dau: Adelinak bere ezagutzak eta arrazionaltasun pedagogikoa erabili zituan Bilboko lehen hezkuntzako irakaskuntzea eta heziketea hobetzeko. Asturiarra izanagaitik bilbotartutako emakume honen figurea funtsezkoa izan zan uriko gizartearen hezkuntzearen garapenean, lehenik Concha jeneralaren kaleko eskolan eta gero Solokoetxeko eskolan egindako bultzada eta lan itzelari esker.
Gonzalo Olabarria Kulturako zinegotziak Adelina Méndez de la Torreren figurea nabarmendu dau, irakaskuntzearen eta herentziaren ikuspegitik: Emakume garrantzitsua XX. mendearen lehen urteetako Bilboko irakaskuntzan, irakasle modura nabarmentzeaz gan, intelektuala, hizlari eta kudeatzailea be izan zan.
Bilbogileak-Memoria de Bilbao bildumea
Sail horren helburua historian entzutetsuak izandako gizon eta emakumeen nortasuna eta lana gogora ekartea da. Iragana zorroztasun historikoaz baina modu atsegin eta erakargarrian landu nahi dabe liburu-sail horretan, irakurlearentzat liburua abentura personala izanik. Ideologia guztietako personaiak azaltzen dira Bilbogileak-Memoria de Bilbao bildumako orrialdeetan; ikuspegi zabal eta integratzaileagaz; artearen, politikearen, zientziaren edo kulturearen mundukoak; bihar-etziko belaunaldietarako eredu eta erreferente etikoak izan diranak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!