San Sebastian Gastronomika, Elkanoren arrastoan

Bizkaie! 2019-10-07 13:55   Jan edanak

Munduaren inguruko lehenengo birea da biltzar gastronomikoaren gaia.

Eneko Atxa, Kursaalean azalpenak emoten (argazkia: SS Gastronomika) | Ikusi handiago | Argazki originala

Getarian hasita, munduan zeharreko bidaia egiten dabil San Sebastian Gastronomika biltzarra, urriaren 6tik 9ra. Bertoko eta kanpoko sukaldari ospetsuak dira aurtengo izarrak, baina Juan Sebastian Elkano be protagonisten artean dago. Munduari lehenengo birea emon eutsanetik 500 urte beteko diran ezkero, haren ibilbideari segiduko deutsie SS Gastronomikaren lau egunetan.

Elkanok eta haren kideek orain dala bost mende pasau zituen herrialdeetako gastronomia ekarriko dabe Donostiara: Getarian bertan hasi eben ibilbidea, atzo, domekea, biltzarraren hasierako afarian. Aitor Arregi, Elkano jatetxeko burua gidari zala, arraina parrilan jan ahal izan eben Balenciaga Museora joandako ehundazak konbidaduek.

Ibilbideak, ondoren, Espainia, Maroko, Brasil, Argentina, Txile, Filipinak eta Indonesiako saboreetara eroango dau biltzarra. Herrialde horreetako sukaldari entzutetsuak etorri dira Donostiara, euren gastronomiaren barri emotera. Mundu biratik kanpo, Kolonbiako Leonor Espinosa eta Errusiako Vladimir Mukhin be Kursaaleko ekitaldietan izango dira.

Bertoko gastronomiaren ordezkaritzea be ez da makala: Juan Mari eta Elena Arzak, Eneko Atxa, Karlos Argiñano, Andoni Luis Aduriz, Josean Alija, Martin Berasategi eta abar dagoz zerrendan. Euskal sukaldaritzea mundu osoari erakusteko eta atzerrian egiten dana bertora ekarteko aukera aproposa da SS Gastronomika biltzarra, antolatzaileen arabera.

Aurtengo nobedade nagusia Pintxoen I. Topaketea izango da, pintxoen inguruko hainbat alor lantzeko: tradizinoa eta jokera barriak, barrak, miniaturazko sukaldaritzea... eguaztenean, urriaren 9an egingo dabe Pintxoen Topaketea, Kursaalean bertan.

Ganera, urteroko sariak banatuko ditue. Carme Ruscalleda kataluniarrari aurtengo edizinoko Omenaldi Saria emon eutsien Getariako ekitaldian. Urrezko Geridon Saria, ostera, Denis Courtiaderentzat izango da, eta, Kazetaritza Gastronomikoaren ingurukoa, Cristina Jolonchentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu