Barrutik Kanpora ikuskizunagaz amaituko da XIV. Harrapazank

Bizkaie! 2019-10-07 11:58   Euskerea berbagai

Bilboko 43 artista gaztek igongo dabe oholtzara, urriaren 10ean.

2019ko edizinoko irabazleei saria emoteko ekitaldia | Ikusi handiago | Argazki originala

Harrapazank programeak aukerea emoten deutse Bilboko gazteei euren talentua erakusteko, gustuko dabenagaz ondo pasetako eta astialdian euskerea erabilteko. Topaguneak eta Bilboko Udalak martxan jarritako egitasmoak 14. edizinoa bete dau aurten, eta, urtea biribiltzeko, Barrutik Kanpora izeneko ikuskizun berezia atondu dabe urriaren 10erako, Campos Elíseos Antzokian (19:00). Oholtza ganean, Harrapazankeko gazteak izango dira protagonista.

Izan be, Harrapazanken oinarrietako bat da uriko neska-mutilak protagonista bihurtzea. Euren talentua lantzeko, izena emoten daben gazteek aukeratu egin leikie zer egin nahi daben: kantau, bakarrizketak, jantzan egin, magia... Ikuskizunaren alorreko artistek laguntzen deutsie teknikea fintzen. Azkenik, Bilborocken finalak izaten dira, eta gazteek preparautako ikuskizunak erakusten ditue.

Hilaren 10eko saioan, 2019ko edizinoko irabazleak eta aitamen bereziak jaso zituenak agertuko dira. Ganera, aurreko edizinoetako parte-hartzaile batzuek be oholtzara igongo dabe. Etenbako ikuskizuna izango da, beraz, Xabi Hoo eta Iholdi Beristain aurkezleen gidaritzapean. Era horretara, Harrapazankek Bilboko gazteen astialdian lekua egin dauela aldarrikatuko dabe, eta euskeraz.

Hain zuzen be, honeek izan dira 2019ko irabazleak: Dance 21, Eztanda, Perfekta eta Eleder Magoa. Aitamen berezidunak, Iker Martin, Mizarne eta Garazi. Azkenik, aurreko urteetako ordezkariak M&M taldea, Ane Zugaza, Asier Martinez, Nerea Perez, Nagore Rondón, Vera Alonso eta Imanol Suso izango dira. Danetara, 43 artista Campos Elíseos antzokiko agertokian.

Publikoa doban sartu ahal izango da ekitaldira. Gonbidapenak hemen lortu leitekez.

Harrapazank 12 eta 18 urte bitarteko gazte bilbotarrentzako egitasmoa da, hareen gustuen araberako jarduerak eta esperientziak eskaintzen ditu, euskeraz. Modu erakargarri eta barritzailea da belaunaldi gazteen artean euskeraz egiteko motibazinoa zabaltzeko. Egitasmoan hiru proiektu batzen dira: Harrapazank Eszena, Harrapazank Tailerrak eta Harrapazank Gamer Gelak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu